Soslaia |
|
Elias de Castro sozialista lanbidez maisu industriala da eta 63 urte ditu. Valladolid-eko Mota del Marques herrian jaiotakoa da, de Castrok bi agintaldi egin zituen Soraluzen zinegotzi moduan; 1983tik 1991ra. Ezkonduta dago eta bi seme eta hiru biloba ditu. |
Zer iritzi duzu legealdi honetan Elgetako gobernuak egin duenaren gainean?
Argi uztea nahiko nuke orain arteko gobernuak erabili duen kudeaketa erdipurdikoa izan dela. Horren isla da 2011n onartutako aurrekontuak aurreko urtekoak baino %10,5 gutxiago izan direla eta horrek inbertsioetan esan nahi duela aurrekontu guztiaren %8a, aurreko urtean %21,54a izan zenean.
Horrek eramaten gaitu pentsatzera Udalak hausnartu egin beharko lukeela daraman politika ekonomikoaz, Elgetan inbertsio produktiboak egiteko helburuarekin.
Zuen programara etorrita, zer proposatzen duzue hirigintzan?
Gazteendako etxebizitza publikoak proposatzen ditugu Elgetaren garapen sostengarrirako. Horrez gain, lorategiak eta plazak indartuko ditugu jendea bertan elkartzeko eta harreman sozialetarako guneak izan ditzaten.
Ingurumenari dagokionez, zein da zuen apustua?
Guztiz kontra gaude atez ateko zabor bilketa sistemarekin; ez da praktikoa eta ingurumenarendako ere ez da gomendagarria.
Gizarte ongizatea aintzat hartuta, zein da zuen nahia?
Sozialistok nahi dugu Elgetako Udalak lehentasuna ematea gizarte ongizateari eta horretarako beharrezkoa izango da herritarren beharretara egokitutako giza baliabideak ematea.
Euskarari dagokionez, zein da zuen proposamena?
PSE-EEtik euskara ondare komun bezala ulertzen dugu eta euskararen erabilera sustatzeko Udal planak jarriko ditugu martxan. Plan horiek oinarrituta egongo dira aurrerapausoan, adostasunean eta eraginkortasunean.
Kultura, aisialdia eta gazteak kontuan hartuta, zer da PSE-EEK Elgetari eskaini nahi diona?
Kultura faktore integratzaile eta kohesio sozial bezala ikusten dugu eta leihoak zabaldu behar dizkiogu ezagutzari, interesari eta pertsonen sormenari.
Uste dugu beharrezkoa dela Udaletik aisialdirako programak bultzatzea adin guztietako pertsonei. Programa horiek oinarritzat izango dituzte kultura eta kirola. Gure nahia da Elgetako Udala herritarrendako zabalik egotea eta erraztasunak ematea on-line zerbitzuaren bitartez.
Bidali nahi diezu azken mezu bat irakurleei?
Bai. Gobernu sozialistari esker, Elgetan 300.000 euro inbertitu dira eskola eraikinetan hobekuntzak egiteko, Udalaren hainbat eraikinen estalkiak hobetzeko, barandak ordezkatzeko eta baita udaletxeko leihoendako ere. Beharrezkoa da instituzio lehiakorrei eskatzea Elgetarekin konpromiso garbia izatea eta ez galtzea aukera, oraingoan gertatu den bezala, Domingo Iturbe patronatua birmoldatzeko. Ziur gaude Elgeta lehiakorra izan daitekeela eta enplegu aukerak atera ditzakegula, udaleko erabaki zuzena hartuta.