Elgetako Magia Mostrak zazpigarren edizioa ospatu du aste bukaeran eta zenbaki magiko hori Juan Tamarizekin ospatu ahal izan dute. Elgetan urte asko daramatzate mago andaluziarraren atzetik eta azkenean ere lortu dute Magia Mostrara ekartzea. Tamarizek Espaloia topera bete zuen egubakoitzean eta baita zapatuan ere.
Umore ona eta esku hobea
Kartekin sekulako abilezia duela jakinekoa da, baina umorea da Tamarizen beste ezaugarri nagusia. Magia egiten duen bitartean ikuslea barrez lehertarazteko abilezia ere badu. Elgetako Espaloian ere halaxe gertatu zen zapatu gauean eta karten erregeak berehala bereganatu zituen ikusleak. Lehenengo ilaran zeudenek, gainera, ia guztiek, jaso zuten magoaren txantxa edota adar jotzeren bat; baten batzuen izenak ere gogoratzen zituen amaierarako.
Magia gertu gertutik
Tamarizek ez dauka beldurrik bere magia eta bere eskuen mugimendua gertutik erakusteko. Bi orduko emanaldian hogei pertsona inguru igo zituen taula gainera eta guzti guztiak aho zabalik utzi zituen Andaluziakoak. Tamarizena magia baino gehiago da, ulertu eta azaldu ezinezko zerbait da.
Nola da posible telefonoaren beste aldean dagoen ezezagun batek pentsatu duen karta asmatzea? Nola da posible eskuetan zeuden sokaz lotutako bost karta bat-batean zazpi izatea? Eta gehitu diren bi karta horiek, sokaz lotutako beste esku batzuetan falta izatea? Txan! Txan! Txan! Txan! Horixe da Juan Tamariz. Zalantza barik, karten erregea.
Mago guztiek egiten duten moduan, Tamarizek ere kartarik onena utzi zuen amaierarako: hiru kointzidentzien jokoa. Gehiegizkoa izan zen; ikusleak zur eta lur utzi zituen eta, zutik, eta txalo zaparrada itzelarekin agurtu zuten, Bravo eta Maestro oihukatzen zuten bitartean. Etxerako bidea buruari bueltaka egingo zuten askok eta askok; eta erantzuna? Txan! Txan! Txan! Txan! Juan Tamariz.
Domekan magia gehiago
Argentinako Tangorditos taldeak amaitu zuen atzo, domeka, aurtengo Magia Mostraren egitaraua. Kasu honetan magia kalera atera zuten. Argentinako bikoteak umorea eta magia uztartzen ditu, baita musika eta zirkuko ikuskizunak ere. Ordubete inguruko saioa egin zuten eta gazte zein heldu gustura egon ziren.