Soslaia |
|
Oxel Erostarbe duela zortzi urte sartu zen politikan eta azken lau urteotan Elgetako alkatea izan da. Uneotan legebiltzarkidea ere bada. 32 urte ditu, bi seme-alabaren aita da eta ikasketaz geografian lizentziatua. |
Zer eskaintzen dio Aralar-Independenteak herriari?
Talde lan sendoa eskaintzen dugu, gaztetasuna eta jakintza duen taldea. Herriko beste alderdi eta elkarteekin elkarlanean jarduteko prest gaude, baita herritarrak entzuteko eta euren parte-hartzea bultzatzeko ere. Lau urtean erakutsi dugu gai garela herria kudeatzeko eta hurrengo lau urteotan ekindako bidetik jarraitzea da gure aukera.
Zeintzuk dira zuen programaren ardatz nagusiak?
Elgetaren erronka nagusia da daukaguna behar den moduan mantentzea. Hortik hasita baditugu hainbat asmo sail bakoitzerako.
Herriko gazteek prezio duinean etxebizitza erosteko aukera izan behar dute, izan ere etorkizuna gazteena da, gazte barik ez dago herririk.
Kulturan kalitatezko eskaintza egitearen alde gaude eta horretan diharduten elkarteen ondoan egongo gara.
Euskarari dagokionez UEMAn jarraitzea da gure asmoa horrek aukera ematen digu udaletxe barruan euskaraz egoki jarduteko eta kanpora begira herriko komertzioetako kartelak, esaterako, euskaratzeko. Horretaz gain, euskaraz ikasi gura dutenenendako hainbat ekimen bultzatuko ditugu. Erronka erabilera da eta horretan ahaleginduko gara.
Kirolari dagokionean eta parte-hartze foroan jasotakoa oinarri hartuta, kiroldegiaren inguruko proiektua idatzi behar da izan ere kiroldegia zahartzen hasita dago. Horretaz gain, kanpoko aldean kirola eta aisialdia batuko dituen hainbat jolastoki jartzea gura dugu: ziburu berriak, skateko gunea handitu, ping-pong mahaia...
Gizarte-ongizatean Udalak txartoen dauden herritarren ondoan egon behar du. Gaur egun Bideberri mankomunitatearen bitartez ematen da ongizate zerbitzua. Antzuolak, Gatzagak eta Elgetak indarrak batu ditugu zerbitzu hobeago bat emateko eta bide horretan jarraitu eta sakondu behar dugu zerbitzu egoki bat emateko eta laguntza sozialak arin emateko. Eguneko zentroa eta etxebizitza tutelatuaren zerbitzua mantendu egin behar dugu.
Hirigintzan oinezkoek lehentasuna izango duten herri irisgarria gura dugu, erosoa. Lasao kaletik saihesbidera oinezkoendako pasua zabaltzearen alde gaude. San Roke kalean adokina ez duen zoruarekin pasabidea zabaldu behar da eta plazako eta jardinetako arkupeak lotzea proposatzen dugu. Patronatuaren inguruan aparkalekua, eskolako jolastoki estalia eta jolasteko gunea egokitzea dugu helburu. Herriko aparkalekuak eta bestelako zerbitzuak seinalizatu beharra dago. San Roke osteko oinezko pasabideak egokitu eta Larrabiltzearreko pasua ondo seinalizatu...
Zeintzuk dira Elgetaren premia nagusiak?
Etorkizunerako prest dagoen herria gura dugu. Krisiari aurre eginez premia nagusia herritarrendako lana sortzea da. Hilabete honetan ere 8 dezima jaitsi da langabezia Elgetan, eta bide horretan jarraitu behar dugu nahi duen guztiak lana izan dezan. Gura dugu zerbitzu duinak izatea: garraio publikoa, gasa, zunt optikoa, pediatria. Lortu dugu Diputazioarekin garraio publikoa handitzea. Proiektua idatzi dugu zuntz optikoa eta gasa Elgetara ekartzeko. Ari gara eskatzen pediatria zerbitzua handitzeko. Premiei erantzuteko gai garela erakutsi dugu eta hurrengo lau urteetan herriaren alde lanean jarduteko konpromisoa dugu.
Herrian gustukoen duzuna?
Lasaitasuna eta herri giroa. Gustura bizi naiz Elgetan, kalera irten eta batekin edo bestearekin ibili gaitezke. Ez nuke aldatuko.
Eta gutxien gustatzen zaizuna?
Dabilenari kritika egitea gustatzen zaiola hainbati. Ezer egin ez eta besteak kritikatzea ez da aukera egokia. Herri bizia gura badugu denok eman beharko dugu zerbait.
Zertan da Patronatuaren inguruko proiektua?
Patronatuaren inguruan daukagun asmoa aurrera aterako dugu. Eskolak izango du merezi duen jolas leku estalia eta inguru horrek asko irabaziko du urbanizatzen dugunean.
Zergatik zaude politikan?
Gauzak aldatzeko parte hartu behar da, ez dago beste modurik. Gero gauza batek bestera eramaten zaitu eta gurea moduan hazten ari den alderdi batean konturatu orduko hainbat ardura hartzea dagokizu. Guk duela zortzi urte pausua eman genuen aldaketaren beharra sumatzen genuelako. Bigarren pausu bat eman dugu orain aldaketan sakontzeko.
Zelako Elgeta nahiko zenuke?
Ni gustora bizi naiz Elgetan eta hobetzeko gauzak beti dauden arren ez dago urrun gura dudan herritik. Gauza perfektoetan ez dut sinisten.
Alkate irteten bazara egingo duzun lehenengo gauza?
Alkatea izan edo ez Mundumira antolatzea da elgetarrok hauteskundeen ostean dugun erronka eta horri helduko diogu. Hala ere, seguru hauteskunde gauean etxekoekin eta lagunekin hitzegingo dudala euren babesa garrantzitsua delako horrelako kontuetan jarraitzeko. Lau urteotan udal gobernukoak izan diren zinegotziekin ere gogoratuko naiz seguru alkatetza berriro ateratzea egin dugun lanaren eta erakutsi dugun jarreraren emaitza izango bailitzake.
Gertutik |
|
Herriko txoko gustukoena: Asentzio eta plaza. Herritar bat: Modu batera edo bestera herriaren alde lanean diharduten guztiak. Pertsonaia historiko bat: Heroirik aipatzerik ez nuke gura, anonimoekin geratzen naiz. Telebistako saio bat: Alpaldian... marrazki bizidunak. Sare sozialetan ibiltzen sara? Bai. Twiterren, Facebook-en... Irakurri duzun azken liburua: Punto Final. Ultima testigo (Juan Ramon Garaik eta idatzitakoa). Egunkaririk irakurtzen duzu? Berria, Gara, Noticias, El Diario Vasco, El Pais... Osorik ez baina errepasoa jaiki eta lehenengo gauza. Zein da erosten duzuna? Ez dut egunero erosten. Interneten hainbat irakurtzen ditut goizean. Interneten zertan ibiltzen zara? E-postak trukatzen, egunkarien webguneak irakurtzen, blog irakurlea ere banaiz... Ikusi duzun azken filma: Pirritx eta Porrotxenak aspaldian. Abesti bat: Ruper Ordorikaren Berandu dabiltza. Mania bat: Lagunarteko apustuak errazegi egitea eta onartzea... |