Asentzioko bideari zordun-bide izaera onartzen diote bi aldeek

Larraitz Zeberio Lekuona 2011ko maiatzaren 2a

Elgetako Udala eta Angiozar bailarako batzarra lehen adostasunera iritsi dira Asentzioko bidearen erabileraren inguruan.

Hainbat bilera egin ostean eta Elgetako alkate Oxel Erostarbek azaldu duenez, bi aldeek zordun-bide izaera onartzen diete bai Asentzio erditik pasatzen den bideari bai Parteittitik Altzuaran eta Altzerrekatik zehar datorrenari. Horrek esan gura du orain arte moduan bi bideotan bermatuta egongo dela pasoa baserri eta baso-jarduerari dagozkion lan guztiak egiteko. Hala, aparkalekuaren sarreran kendu eta ipintzeko itxitura jarriko dute. Hezegunean, hori bai, debekatuta egongo da aparkatzea.

Bidearen konponketa lanak

"Bide zoruaren materiala bide honen zati baten Elgetako Udalak aldatu izanak ez du inolako kalte ekonomikorik eragingo jabeengan", irakur daiteke aurre-akordioan, "eta haren konponketa Elgetako Udalaren kargu izango da". Erabiltzaileei eskatzen zaie, hori bai, baso ustiaketa uda sasoian edo eguraldi egokia den egunetan egitea eta bidea garbi lagatzea. Azkenik, "erabilera desegokiak eragin ditzaketen kalteak erabiltzailearen kargu izango dira".

Gunearen mantenu osoa

Oxel Erostarbe alkatearen esanetan, lehen akordio horrek bigarren bat ekarri behar du; gunearen kudeaketa osoaren ingurukoa, hain zuzen. Elgetako Udalak nahi du Angiozarrek ere bere gain hartzea hezegunea txukun eta garbi mantentzeko lanak. Hala, lehen akordioa sinatu bezain pronto hasi behar ei dute bigarrena negoziatzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak