Kantuz blai egongo da saioa: Zapi Zuria eta Altza Pelipe moduko abesti mitikoez gain, Txirri, Mirri eta Txiribiton Juniorrek kanta berriak ere eskainiko dituzte: Zoro Gaitezen edo Zarata Orkestra gisakoak.
Ordubete inguruko saioan, esketx ezberdinak egingo dituzte, Barre egin leloari eutsiz eta haurren parte-hartzea bultzatuz. Bihurrikeria eta txantxak, magia eta trikimailuak, musika eta ikusleek lagunduta antolatuko orkestra galanta ez dira faltako, baina Txirrik aurkeztuko duen bere azken erosketa zientifikoa izango da garrantzitsuena: Krispin-Panpin.
Sarrerak egunean bertan hartu ahal izango dira Espaloian, 17:00etatik aurrera –saioa baino ordubete lehenago–.