Eguneko zentroan plaza libreak daude

Larraitz Zeberio Lekuona 2011ko apirilaren 19a

Zazpi erabiltzaile har ditzake eta momentuan lau besterik ez du.

Udalak eta Eulen enpresak antolatuta ate irekiak egin dituzte Elgetako eguneko zentroan. Hitzaldi informatiboa zentroari bisita eta luncha egin dituzte Domingo Iturbe kaleko eguneko zentroan.
     Zentroak zazpi erabiltzaile har ditzake, eta, itxaron-zerrenda egon bada ere, momentuan lau erabiltzaile besterik ez du. "Zerbitzua ezagutzera eman nahi dugu; izan ere, sentsazioa dugu Elgetan badaudela eguneko zentroa erabiltzeko profila duten pertsonak", adierazi du zentroko arduradun Nerea Gartziak. Ematen den zerbitzua ez ezagutzea, aurreiritziak edukitzea edo zeresanen beldur izatea izan daitezke lehenengo pauso hori emateko oztopo nagusiak, Gartziaren esanetan. "Badago ustea eguneko zentroa oso gaizki dauden pertsonendako dela, baina uste hori okerra da. Hemen ekintza asko egiten ditugu, eta ondo dauden bitartean aterako diote zerbitzuari etekin handien erabiltzaileek".

Egunero zabalik

Elgetako eguneko zentroa egunero zabaltzen dute 09:30etik 17:30era, aste bukaerak eta jaiegunak kenduta. Garraio, jangela eta psikologia zerbitzuak eskaintzen dituzte. Gainera, erabiltzaileen gaitasunetara egokitutako ekintzak antolatzen dituzte. "Elgetan malgutasun handiz jokatzen dugu eta erabiltzaileen beharretara egokitzen saiatzen gara", adierazi du Gartziak. "Badauzkagu arratsaldez bakarrik etortzen diren erabiltzaileak edo astean hirutan etortzen direnak".

Erabiltzaileen ezaugarriak

Eguneko zentroa 60 urtetik gorako erabiltzaileendako da eta gizarte laguntzailearen bitartez egin behar da eskaera. Diputazioak diruz lagundutako zerbitzua da eta eskatzaileei mendekotasun balorazioa egiten diote aurretik. Elgetako Udalak, bestetik, hiru lagunendako etxebizitza tutelatua ere badauka. Epe motzeko eta luzeko egonaldiak egin daitezke bertan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak