'Elgeta, eremu suntsitua' erakusketa bihartik Espaloian

Edu Mendibil 2011ko apirilaren 13a

Espainiako gerran Elgeta bonbardatu zutela 74 urte bete diren honetan, argazki erakusketa zabalduko dute bihar, apirilak 14, Espaloia Kafe Antzokian. Arrasatsaldean, 18:30ean, egingo dute irekiera ekitaldia eta Bide Ertzean musika taldeak eta Elgetako Musika Eskolako ikasleek hartuko dute parte.

Aste Santu ostera arte izango da zabalik Espaloiako erakusketa. Bertan, gerraren aurretik Elgeta zelakoa zen, bonbardaketek eragindako kalteak eta ondorengo herri eraikitzea ikusi ahal izango da. Toribio Jauregi bergararraren, Indalecio Oianguren eibartarraren eta Santa Maria del Villar markesaren (gobernuaren enkarguz lan egin zuena) irudiak dira, eta argazki ikusgarriak daude.

Bonbardaketako argazkiak

Intxorta 1937 kultur elkarteak, Gerediaga elkarteak eta Udalak hartu dute parte. Gernikako alkate Jose Luis Gorroño ere izan zen atzoko aurkezpenean. Gerediaga elkarteko Jon Irazabalek azaldu zuenez, Durangoko, Elorrioko eta Elgetako argazki batzuk topatu dituzte Italian, Erroman, 1937ko apirilaren 23an Saboya 81 hegazkin italiarretik ateratakoak. "Elgetako bi irudien artean segundo bakar bat ere ez dagoela esango nuke eta argi ikusten da Elgetako biztanleria zibila izan zela objektiboa egun hartan. Elgetako plaza justu-justu ikusten da eta inguruan bonba ugari. Aurretik, irailaren 26tik apirilaren 23ra, 209 egunez, txoko gogor bat izan zen Elgeta". 1937ko apirilaren 20an, 22an, 23an eta 24an izan ziren bonbardaketak Elgetan. Horren lekuko, SC bonba alemana, 50 kilokoa, Intxorta inguruan topatutakoa. Euskal Herrian mota horretako bakarra da eta erakusketan ikusgai egongo da. Elgeta, eremu suntsitua erakusketa apirilaren amaierara arte izango da zabalik Espaloia Kafe Antzokian.

Intxorta 1937 taldeko Josuren Murgizuren arabera, alemanen eta italiarren bonbardaketaren erruz, Elgeta ia erabat suntsitu zuten eta Elgeta berreraikitzeko agindua eman zuen Franco diktadoreak 1940ko martxoaren 10ean: "Hala ere, 1944ra arte ez zuten ezer egin eta 1944ko bukaeran hasi ziren udaletxea berritzen. 1946an inauguratu zuten udaletxea eta bien bitartean elgetar asko ez ziren jaioterrira itzuli 1950eko hamarkadara arte".

Jose Luis Gorroño Gernikako alkateak hauxe adierazi zuen martitzenean Elgetan: "Memoria historikoa ez da inoiz galdu behar eta transmisioa funtsezkoa da, gure ondorengoek gertatutakoa ezagut dezaten; gure aurrekoek gurekin egin zuten moduan. Alemaniako Parlamentuak 1997ko martxoan aitortu zuen orduko gertaerekin Alemaniak zuen errua eta Madrilgo Parlamentuari ere keinu bera egitea eskatzen gabiltza aspaldian".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak