Taula gainean jardungo du musikari talde bikainak. Alde batetik Motxila 21 taldeko kideak diren 19 lagunak –tartean El Piñas– eta bestetik, Marea taldeko Kutxi izango da gonbidatu berezia Espaloiko agertokian. Gainera, Barrikadako El drogas-ek ahaleginak egingo ditu Zaragozan duen beste ekitaldi batetik garaiz iristeko Elgetara. Eta, antolatzaileen baieztatu dutenez, Elgetan izango da.
Bost urteko ibilbidea
Orain dela bost urte sortu zuten Motxila 21 taldea. Musikarenganako zaletasuna eta oztopoak gainditzeko ilusioa lagun izan zituzten taldea martxan jartzerako orduan. Down sindromea duten 12 gaztek eta 7 bolondresek osatzen dute taldea. "Hasiera batean Nafarroako down sindromea dutenen elkarteko Gabonetako ekitaldian jotzen genuen, baina orain musika talde bezala ibiltzen gara", azaldu du Ainhoa Lizarraga elkarteko kideak.
Lehenengo kontzertu handia Iruñako Gallarre aretoan eskaini zuten iaz; ordutik, hainbat eszenatokitan izan dira, baita Aretxabaletan ere.
9 abesti jotzen dituzte
Platiloa, bonboa, kaxa, tinbala, saxoa, akordeoia, gitarra eta baxua jotzen dituzte. Dagoeneko 9 abesti egin dituzte, denak bertsioak dira. Badute abesti bat, taldeko ikurra dena: Somos la banda motxila 21; azken hori, El drogas-ek sortutakoa da. Musika eta giro bikainarekin, ilusioa gainezka izango dute, duda barik.