Umeekin egin daiteke papiroflexia? Zein adinetik aurrera?
Bai, noski. Adin bakoitzari egokitutakoa eginez gero, zazpi edo zortzi urtetatik gorako haurrak paper tolesketan ongi molda daitezke, asko gozatuz. Gazteagoak ere ibil litezke, baina haur hauek haur zaharrago baten ala heldu baten laguntza beharko dute, tolesketak zuzen egitearren. Tolesketek ez dute zehatzak izan beharrik, baina gero eta aldrebesagoak, orduan eta zailagoa izaten da figura zuzen amaitzea.
Hasi berri batek zer egitera aspiratu dezake?
Proposatzen duen edozer! Zailena paperean idatzitako urratsak ulertzea izan ohi da, baina piskanaka ikasiz eta ohitura hartuz, gauza mordoa egiteko gai izatera hel gaitezke. Gauza denetan bezala: gero eta asti luzeagoan aritu, gero eta errazagoa iruditzen zaigu edozer eta trebeagoak bilakatzen gara.
Nondik dator papiroflexia?
Japondik datorren artea da. Lasaitasuna eta pazientzia lantzeko baliagarria dela dio haien filosofiak. Nik ere berretsiko nuke adiera hau.
Paper mota berezia gomendatzen duzu papiroflexia egiteko?
Egia esan, ez. Egunkariak, A4 folio zuri eta koloretakoak, oparitarako papera... dena de erabilgarria. Nik, A4 folioak erabiliko nituzke (80 gramo inguruko edozein paper), eskuragarrienak direlako eta ondoren karratu egin, irudiak hala eskatuz gero. Dena den, paperek gero eta kolore biziagoa izan, ala marrazkiren bat eduki, emaitza orduan eta ikusgarriagoa izango dela azpimarratu nahiko nuke.
Elgetan egitekoak dituzun bi orduko saioak nola planteatuko dituzu? Nondik hasiko zarete eta zer egingo duzue?
Eginez ikasten denez, irudi ezberdinak egingo ditugu: abere ezberdinak, berebila, arkatza, kaxa bat... eta baita ezagunagoak izango diren txaluparen bat, kapela eta edontzia ere esaterako. Normalean, nik aurrez egindako irudiak eramaten ditut eta hasieran zer egin nik proposatzen badut ere, ondoren, tailerrean dagoen jendeari eskatu ohi diot zer egin nahiko lukeen aurrera joan ahala.