Nerabezaroak zergatik du hain fama txarra?
Nerabezaroa aldaketa garaia da; aldaketa garrantzitsuak dira eta gainera bat batean ematen dira. Horrek tentsioa sortzen du familian eta horregatik du hain fama txarra. Baina nire ustez fama txar hori ez dago justifikatuta. Testuingurutik ateratzen dugu berez naturala den prozesu bat. Askotan, gainera, gazteak egiten ditugu gure gizartearen zoritxar guztien erantzule. Ez dira errudunak, gure gizarteko parte bat besterik ez dira.
Ze harreman dute gizarte motak eta nerabezaroak?
Zuzena, azken batean hezi ditugun gazteak ditugu eta guk sortu dugun gizartean bizi dira. Une sozial bakoitzak bere nerabezaroa dauka. Gaur egungo nerabezaroak ez du zerikusirik 70. hamarkadako nerabezaroarekin. Sasoi horretan ematen diren aldaketa batzuk unibertsalak dira baina beste batzuk testuinguruak markatzen ditu.
Ze aholku emango zenieke nerabeak dituzte gurasoei?
Motxila batekin iristen gara nerabezarora ere horregatik oso garrantzitsua da gure seme-alabei ematen diegun haurtzaroa. Gizarte hau autoritarismotik gain-babesean oinarritutako heziketa estilora pasa da eta muturreko jarrerak ez dira sekula onak. Arauak eta mugak beharrezkoak dira, nerabezaroan inoiz baino gehiago. Azken finean nerabeek mugak eta arauak behar dituzte apurtzeko besterik ez bada. Helduok argi utzi behar diegu zer espero dugun eurengandik eta ondo azaldu behar diegu zeintzuk diren inolaz ere gainditu ezin ditzaketen mugak. Malguak izateko sasoi ere bada. Hortxe dago koska. Nerabe gehienak oso dibertigarriak dira, baina ez diegu denborarik eskaintzen. Oso aberasgarria da gurasoondako ere seme-alabak hazten eta lehenengo erabakiak hartzen ikustea. Merezi du benetan.