Aste bukaeran eman diote amaiera Elgetan Euskararen Asteari. Barikuan eta primerako giroarekin eskolako umeek zein irakasleek Korrika Txikia egin zuten. Euskararen aldeko Korrika Txikia eskolatik abiatu zen 15:00ak jota eta eskola umeek hiru lekuko aldaketa egin zituzten; lehena Artekalen, bigarrena Salbador kalean eta hirugarrena Berraondokoan. Herriko plazan amaitu zuten ibilbidea eta bertan lekukoak zeraman idatzia irakurri zuten.
Ludoteka-gaztelekuan ere egun berezia izan zen. Korrika Festa antolatu zieten Maialen Elortza eta Mireia Berriozabal hezitzaileek neska-mutikoei. Altxorraren bila jokoa, merienda eta musika izan ziren protagonista. Festak Oihan Vegaren eskutik jarraitu zuen Espaloian 21:30etik aurrera. Disko festa izan zuten gazteek eta ederki ibili zirela jakin dugu.
Zapatuan eta Euskararen Asteari amaiera emateko goi mailako lau bertsolari izan ziren herrian; Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Jon Maia eta Anjel Mari Peñagarikano. Saio borobila izan zen, umoretik zein seriotik izan zuen. Herritar talde batek emanaldirako propio landutako gaiak jorratu zituzten bertsolariek. Gerrak Elgetan eragindako sufrimendua, berriki herrian egindako Intxortako Lehoiak Athleticen lagunartearen aurkezpen ekitaldia, Ozkarbi elkartean erre daitekeen edo ez... eta duela bi urte herrian egindako zezenketa. Gustura irten ziren entzuleak Espaloitik eta gustura aritu ziren lau bertsolariak ere
Hurrengo ekitaldiak
Ekitaldiz josita datoz Elgetan apirila, maiatza eta ekaina. Espaloiak, esaterako, iragarri berri du Juan Tamariz mago famatua izango dela aurten Magia Mostran. Korrika, Mundumira, Koadrilen Eguna... bete-betea dugu udaberriko agenda Elgetan.