Eskola txikietako ardatz metodologikoak aztergai

Larraitz Zeberio Lekuona 2011ko apirilaren 5a

Gurasoendako egun erdiko jardunaldia egin zuten zapatuan Larraulgo eskolan

Eskola txikietako guraso elkarteak antolatuta bi tailer eta hitzaldi bat egin zituzten Larraulen. Eskola txikietako ardatz metodologikoak izan zituzten hizpide, baita adin desberdinetako haurrak gela berean egoteak dakartzan onurak ere. Gabiriako eskola txikian ingeles irakasle den Mare Goikoetxeak azaldu zuen adin desberdinetako haurrak gela berean izateak onura asko dakartzala. "Aniztasuna eta lan erritmo ezberdinak errespetatzen ikasten dute. Txikiendako handiak eredu dira, eta, gauza asko imitazioz ikasten ditugunez, asko egiten dute aurrera. Prozesu horretan nagusien autonomia eta autoestimua areagotu egiten da. Elkarri laguntzen ikasten dute".
Goikoetxeak onartzen du desabantailak ere egon daitezkeela. "Ikasle nagusiak hain eredu onak ez direnean edo zenbait ekintza aurrera eramateko ikasle kopurua txikiegia denean", esan zuen. "Irakasle guztiok behar dugu formakuntza eta eskola txiki batean lan egiten denborarekin ikasten da. Esperientziak asko laguntzen du".


Ardatz metodologikoak
Eskola txikietan edozein metodologia aplikatu daitekeela defendatzen du Goikoetxeak.Ingeles eskoletan INEBI (Ingelesa Edukien Bitartez) metodologia erabiltzen du hark. "Izenak ondo adierazten duen moduan, ingurunearekin lotura duten edukiak lantzen dira. Hala, hizkuntza lantzeaz gain, beste zenbait arlo ere lantzen dira". Lau urtetik gorako ikasleendako metodologia da, baina Gabiriako eskola txikian ikasle guztiek jasotzen dituzte ingeles eskolak, "betiere behar diren egokitzapenak eginda", azaldu zuen Goikoetxeak. Debagoienean bi eskola txiki ditugu: Angiozarren eta Elgetan. Errealitate hori, beraz, gertu daukagu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak