Alberto Telleriak Elgetan euskarak bizi duen egoera izan zuen hizpide

Larraitz Zeberio Lekuona 2011ko apirilaren 1a

Indar guneak inbertitu egin direla esan du filologo elgetarrak eta ahozkotasunaren presentzia jaisten doala.

Euskararen Asteak gaur, barikua, eta bihar, zapatua, emango ditu programako ekitaldi sonatuenak, baina aste barruan hausnarketarako beta ere eman du. Eguaztenean Alberto Telleria filologo elgetarraren hitzaldira bertaratu zirenek hainbat gogoeta entzun zituzten euskarak Elgetan gaur egun bizi duen egoeraz.
     Elgetan euskal hiztunen kontzentrazio demografikoa altua dela (%80) baina belaunaldien arteko transmisioa zalantzan dagoela ohartarazi zuen Telleriak. "Jendea alfabetatuta dago, eskola jardun gune euskaldunenetarikoa da gaur egun, baina euskararen erabilera informala (etxean, lagunartean, kalean...) jaisten doa", esan zuen. Familia estruktura zein guraso tipologia berria, immigrazioa, globalizazio kulturala... gizartean ematen diren aldaketak dira eta hizkuntzan eragina dutela adierazi zuen Telleriak. Elgetan euskararen hegemonia ziurtatzeko plangintza bat egitea beharrezkotzat jo zuen, batez ere umeei begira.

Indar gune inbertituak
Herri eskolako umeen artean egindako inkesta txiki baten emaitzak aurkeztu zituen Telleriak bere azalpenean. Egun, jardun gune euskaldunena eskola da eta erdaldunena, komunikazioa (telebista, Internet, irratia…). Familia, eta hemen dago datua, uste baino jardun gune erdaldunagoa da. "Duela 40 urteko indar guneak inbertitu egin dira; gune ez formalak (etxea, kalea…) erdaldundu egin dira, eta formalak (eskola, kirola…) euskaldundu". Zentzu horretan euskal hiztun diren gurasoen arduraz aritu zen; "neurri handi batean erdaraz egiten dute euren artean".
Gazteen kontsumo joerak ere aztergai izan zituen. "Modernitatea kontsumitzea, gaur egun, erdara — ingelera edo gaztelera — kontsumitzea da eta ondorioz euskal kultura ez kontsumitzea", esan zuen. "Hau ez da bakarrik Elgetan gertatzen. Mundu osoan gertatzen ari da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak