Juan Tamariz magoa Espaloian izango da maiatzaren 6 eta 7an

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko martxoaren 31

Mago entzutetsu, berezi, dibertigarri eta onenetakoa Elgetan izango da maiatzaren 6 eta 7an. Espaloia Kafe Antzokiak argitara eman du udaberriko programa eta horixe da ekitaldirik nabarmenena, baina ez bakarra. Ekitaldiz josia datoz-eta apirila, maiatza eta ekaina, Espaloian.

Esate baterako, oraingo zapatuan bertso saioa izango da 22:00etan, goi mailako bertsolariekin: Lujanbio, Maia, Iturriaga eta Peñagarikano izango dira taula gainean.

Tamarizen emanaldia Magia mostran izango da. Maiatzaren 6, 7 eta 8an izango da aurten eta, ohikoa den moduan, goi mailako magoak izango dira bai Espaloian eta baita kalean ere.

Motxila 21 eta Esne Beltza

Musikari dagokionean, nabarmentzea merezi du Motxila 21 taldea, Marea taldeko Kutxi Romero eta El Piñas-ekin batera. Litekeena da, gainera, Barricadako El Drogas ere bertan izatea. Motxila 21 taldea down sindromea duten gaztez osatuta dago eta kolaborazio entzutetsuak izan ohi dituzte. Elgetan ere hala izango da.

Bestalde, Esne Beltza eta Turtle Island (Japonia) taldeek joko dute maiatzaren 13an, barikuan. Hurrengo egunerako, 14rako, Plan B, UK Bill, BC Bombs, Agressive Combat eta Hell Beer Boys taldeen emanaldia iragarrita dago. Eta, 28rako, zapatua, Party reggae gau-jaia. Hau, Mundumiraren barruan.

Horiez guztiez gain, Herrixa dantzan, erakusketak, Txirri, Mirri eta Txiribiton junior pailazoak eta antzerki saioak ere izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak