Italiarrek Elgeta bonbardatu zuteneko bi argazki berri agertu dira Italiako artxibo militarrean

Larraitz Zeberio Lekuona 2011ko martxoaren 30a

Gerediaga elkarteko kideek aurkitu dituzte; italiarrek 1937ko apirilaren 22ko Elgetako bonbardaketan ateratakoak dira.

Gerediaga elkarteko Jon Irazabal historialaria eta Txelu Angoitia argazkilaria Erroman dagoen Italiako artxibo militarrean izan dira. Durangoko bonbardaketaren inguruko argazkiak aurkitzeko itxaropenarekin joan ziren eta 100 irudirekin itzuli dira, tartean Elgetako fronteko bi argazkirekin. “Hegazkin italiarrak Elgeta bonbardatzen ikusten da argazki horietan”, adierazi du Irazabalek. “Plaza eta eliza ikusten dira, Elorrioko bidea ere bai. Egun argia da baina Elgeta lainopean ageri da". Elorrio, Mañaria, Otxandio, Igorre, Galdakao, Berriatua, Derio, Gernika, Portugalete, Bilbo, Somorrostro, Jata eta Galdakaoko argazkiak ere aurkitu eta ekarri dituzte.

Argazki gehiago egon daiteke

Irazabalek azaldu duenez militarrek ateratako argazkiak dira. “Italiako artxibo militarrean asko daude. Garai horretan italiarrak munduko gerra guztietan egon ziren eta argazki asko dituzte kutxetan sartuta; katalogatu ere egin gabe. Duela 74 urteko argazkiak dira, dauden egoeran daude… baina han oraindik argazki asko dago eta nire ustez mereziko luke argazki horiek berreskuratzea”.

Ekarritako argazki sorta ezezaguna da eta balio historiko handia du Bizkaiko erasoetan italiarren parte hartzea hobeto ezagutzeko aukera ematen duelako. Artxibo militarrean erraztasun handiak ipini zizkietela kontatu du Irazabalek. “Ez dugu inongo arazorik izan aurkitutako argazkien kopiak ateratzeko”, esan du historialariak.

Egile eskubideak

Gerediaga elkarteak gaur, eguaztena, erakutsiko du Durangoko San Agustin Kultur Gunean Italiatik ekarritako argazki sorta. “Italiatik iritsi berriak gara eta ez dugu momentuz erabakirik hartu. Akaso liburu bat aterako dugu, akaso ez. Ez dakigu erabakia gure eskuetan dagoen ere”, azaldu du Irazabalek.

Momentuz, beraz, gaurko emanaldian bakarrik ikusi ahalko dira Elgetako bonbardaketako bi argazki berri horiek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak