Amaituta daude GR-121 mendi ibilbidearen markatze lanak Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2011ko martxoaren 30a

Mendi Federaziotik esan dute seinale bertikalak eta informazio panelak ipintzea falta dela orain.

Gipuzkoako Mendi Federazioak otsail erdialdean hasi zituen markatze lanak. Elgetako zatiari dagokionean dagoeneko amaituta daudela adierazi du Gipuzkoako Mendi Federazioko zuzendari-laguntzaile Igor Aldalurrek. "Udalak, orain, informazio panelak eta seinale bertikalak ipiniko ditu", adierazi du Aldalurrek. Seinale bertikalak GR-121 beste ibilbide homologatu batekin — PR edo SL — gurutzatzen den bakoitzean ipintzen direla azaldu du. 

     Lehen ez bezala Gipuzkoari bira ematen dion GR-121 Elgeta erdigunetik igarotzen da orain.  Salbador kalean ageri dira bide hori markatzeko Federazioko kideek egin dituzten marra zuri-gorriak. Eibarretik iristen da Elgetara eta Intxortako ibilbide tematikoa hartuta iristen da Asentziora gero Gesalibar aldera egiteko.     

     Intxortako ibilbide tematikoa, berriz, SL ibilbide moduan homologatu dute. Udalak egindako eskaria izan da hori eta dagoeneko markatuta dago; marra zuri-berdeekin kasu honetan. "Markak eraginkorrak dira jendea galdu ez dadin", azaldu du Aldalurrek. "Jendea ibilbide bat egitera etortzen bada eta galdu egiten bada, oso inpresio txarrarekin joaten da. Hori txarra da denondako". Jakin, hortaz, prest duzuela GR 121 ibilbideak gurean egiten duen zatia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak