"Errespetu falta izan da. Sarri esaten da zaleak direla Athletic-en indarra, eta gaur berretsi da hori. Lehen mailako zaleak ditugu, eta bigarren mailako zuzendaritza eta jokalariak". Kritika zorrotzak entzun dira gaur Elgetan, zale zuri-gorriek eginak. Eta ez elgetarrengandik bakarrik, gainontzeko peñetako ia 100 lagun egon dira-eta aurkezpen ekitaldian, Intxortako Lehoiek gonbidatuta.
Egia da hitzordu asko pilatu direla: Athletic-en eta Alavesen lagunartekoa, Txutxi Arangurenen hileta elizkizuna, jokalari batzuk selekzioarekin daudela... baina ez da aitzakia, 2-3 jokalariren presentzia nahikoa izango zelako ekitaldiari beste kolore bat emateko.
Hala, Athletic-eko kanpo harremanetarako arduradun Javier Uchari tokatu zitzaion aurpegia ematea, eta halaxe egin zuen. Ekitaldiaren hasieran barkamenak eskatu zituen lehenengo, eta ondoren Elgetan sinadura jardunaldi bat antolatzera konprometitu zen. Hau da, Intxortako Lehoiek eskatzen dutenean, Athletic-eko jokalariak Elgetara etorriko dira, euren zaleekin egotera: "Gertaera mordoa egon dira batera, eta ez dugu behar den moduan erantzun. Eskerrak eman, eta barkamenak eskatu nahi ditut. Jokalariak etorriko dira Elgetara, hori agindu diet peñakoei".