Elgetako Udalak eta Foru Aldundiak elkarlanean jardun dute azken hilabeteetan herriko garraio zerbitzua hobetzeko helburuarekin. Izan ere, udalak premia nabarmena ikusten zuen herrian eta herritarrek eurek ere behin baino gehiagotan erakutsi dute kezka hori.
Eibarrerako zerbitzua zabaldu
Erakundeen arteko lanak eman ditu bere fruituak eta ikasturte berrirako batetik, Bergararako loturak hobetuko dituzte eta bestetik Eibarrera joateko zerbitzua osatuko dute. Hain justu, Eibarrera egun bi joan etorri egiten ditu autobusak eta ikasturte berritik aurrera bost joan etorri egingo ditu. Gainera, erabiltzaileek lurraldebus txartela erabilita %35 deskontua izango dute. Zerbitzu hori Bilbora eta Donostiara doazen autobusekin lotzea da nahia eta baita tren zerbitzuarekin ere.
Taxi-busa
Goizean eman dituzte xehetasunak udaletxean Oxel Erostarbek eta Arantza Tapiak eta jakinarazi dute taxi-busa ere jarriko dutela. Taxi-busa lehenik Beizama, Errezil eta Aizarnazabalen jarriko da esperientzia pilotu bezala, eta, ondoren, Elgetara ekartzea da asmoa. Zerbitzu hori eskaripekoa izango da; beraz, norbaitek eskatuz gero eskainiko da eta bestela ez. Hala ere, ordutegi finko bat izango du taxi-busak.
Uda aurretik jarri nahi da martxan Elgetan bertan, nola doan ikusi eta ikasturte berrirako ondo funtzionatu dezan. Taxi-busarekin autobusaren zerbitzua osatu nahi da. Adibidez, ikasleei iluntzean zerbitzu bat ematea, eskolaz kanpoko ekintzak bukatzen dituztenerako.
Bus azkarra
Bestalde, Tapia diputatuak adierazi du bus azkarraren proiektua dela eta, lantzen ari direla nola lotu Elgeta autobus azkar horretara.