Ez da jokalaririk izango Intxortako Lehoien aurkezpenean

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko martxoaren 23a

Azkenean jokalaririk ez dela etorriko agindu diete Elgetako zuri-gorriei Lezamatik. Intxortako Lehoiak Elgetako Athletic zaleen lagunartea aurkeztuko dute gaur Elgetan. Okasiorako traje berezia jantzi eta Elgeta zein inguruko zuri-gorri zaleak batuko dira. Athletic-eko zuzendaritzako kideak bai izango dira bertan, presidenteak agindu du afarian egongo dela.

Koikili, Iraizoz, Toquero... etortzekoak ziren. Izan ere, horiek hirurek ez dute jokatuko gaur Alavesen aurka. Baina Caparros entrenatzaileak lan berezia egiteko agindua eman die eta han geratu dira arratsaldean Lezaman. Fernando Gartzia Makua presidentea egongo dela esan dute Lezamatik.

Halere, triste daude Intxortako Lehoiak hilabeteak eman dituztelako gaurko eguna antolatzen eta, azkenean, Atlhetic-ek, neurri batean, "huts egin" die. Hala esan digu Felix Irizar Intxortako Lehoiak lagunarteko kideak.

Edozlena ere, ekitalditxo bat egingo dute lehenengo frontoian eta, ostean, afaria gimnasioan. 160 lagun batuko dira mahaiaren bueltan. Eta, horretarako, 20 arkume erreko dituzte burdutzian. Ekitaldian, aurreskua dantzatuko da eta plaka oroigarriak banatuko dira. Felix Irizarrek egingo du berba lagunartekoen izenean.

Elgetako herria, eta bereziki frontoia eta gimnasioa, "txukun-txukun" laga dute, zuri-gorriz.

Athletic doluz

Irizar atsekabetu samar dago, batetik, Txutxi Aranguren jokalari zurigorri eta entrenatzaile izandakoaren heriotza dela-eta, eta, horrek gaurko ekitaldian izan duen eraginagatik. Izan ere, presidentea eta zuzendaritzako kideak ekitaldira ez dira etorriko Arangurenen hileta elizkizunetara joan beharra izango dutelako. Baina, afarian egongo direla hitz eman dute. Bestetik, Athletic-ek Alavesen aurka du adiskidantzako partidua gaur eta horrek ere eragina izan du, hainbat jokalari ezingo direlako Elgetara etorri arrazoi horregatik.

Edozelan ere, ilusioarekin daude Intxortako lagunartekoak, besteak beste, Athletic zale piloa batuko delako gaur Elgetan. 24 lagunartetik gora, Bergara, Arrasate, Oñatiko eta Eibarkoak horien artean, eta 60 lagunarteko kide baino gehiago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak