Pedro Mari Uberak hartu du Elgetako erretiratuen elkartean presidente kargua. Funtzio hori bete du azken hilabeteotan eta esan daiteke izendapenak ez duela ezustean harrapatu. Eguaztenean, hilaren 16an, egin zuten urteko batzar orokorra Xalbadorpe elkarteko bazkideek, eta, beste batzuen artean, ekitaldi berrirako egitasmoen berri eman zuen zuzendaritza batzordeak.
"Iazko estiloan izango da, pare bat gauza aldatuta", adierazi du Pedro Mari Uberak. "Aurten ez dugu 80 urtetik gorakoendako bazkaririk egingo. Horren ordez antzerki saio bat ekarriko dugu herrira eta irteera bat gehiago antolatzea da gure asmoa. Oraingoz, Kutxarekin hitzartuta dugu egun osoko irteera bat Santanderrera. Maiatzaren 18an egingo dugu. Bi hitzaldi ere izango ditugu: apirilaren 13an lehenengoa eta irailean bestea".
Horiekin batera urteroko ekintzak egingo dituzte, hala nola mahai-joko saioa, Udalak herriko jaietan antolatzen dien bazkaria eta udazken partean egiten duten gaztaina-erre jana. Jaietan lan egitea ere egokituko zaie; izan ere, euren ardura izan ohi da herri bazkari egunean kafea egitea eta banatzea.
Podologia zerbitzua
Arrakasta handia duen zerbitzua da, erretiratuek erretiratuendako antolatua. Hilean behin etortzen da podologoa Elgetara. Eguneko zentroan artatzen ditu Elgetako erretiratuak eta Nati Arrieta arduratzen da txandak emateaz eta kontsultak kobratzeaz. Gehienez, 24 bezero arta ditzake podologoak bisita bakoitzean, eta sarritan iristen dira kopuru horretara. Txanda aurrez hartu behar izaten dute interesatuek. Zerbitzu hori eskaintzen jarraituko dute elkartetik.
Garraio txartelak
Garraio publikoa ere zerbitzu garrantzitsua da erretiratuendako. "Eusko Jaurlaritzatik adierazi dute txartel bakarra atera behar dutela, Lurraldebus, Eusko Tren eta gainerako garraio zerbitzuetarako balioko duena", esan du Uberak. "Aurten txartel horiek tramitatzeko asmoa dugu, baina horretarako atera egin behar du Jaurlaritzak". Txartel bateratua ekimen oso interesgarria dela dio Uberak. "Nik, esaterako, hiru txartel dauzkat orain: Eusko Tren, Lurraldebus eta Bizkaibus... Hori guztia txartel bakarrean bateratzen badute, askoz ere erosoagoa izango da erabilera".
Txartel berriak ateratzeko tramiteak elkartetik egiten dituztela jakinarazi du Uberak eta elkarteak dituen 180 bazkideei lasai egoteko mezua helarazi nahi izan die: "Txartel bateratu hori ez dago oraindik martxan. Ateratzen dutenean pasako dugu abisua".
Beste zazpi bazkideren laguntza izango du Uberak zeregin horietan guztietan. Orain arteko lagunek jarraituko dute batzordean: Manu Sarasua, Nati Arrieta, Luis Mari Arantzeta, Lupe Ibarbia, Irene Bolinaga, Begoña Ardantza eta Fermin Iribarrek.