Repsol Gas-en azken fakturek kezka sortu dute elgetarren artean. Askoren iritziz, neurriz kanpo garestitu da zerbitzu hori. Asteon egindako Ogasun batzordean udal arduradunek erabaki dute kexa guztiak bateratzeko ahalegina egitea. "Kexa azaldu gura duten herritarrek desadostasun hori udaletxean idatziz aurkezteko aukera izango dute", adierazi du Oxel Erostarbe alkateak. "Udalak inprimaki berezia gertatu du horretarako eta inprimakiarekin batera herritarrek faktura ezberdinak aurkezteko aukera izango dute". Alkateak azaldu duenez, hilaren 21etik aurrera, astelehena, jasoko dituzte idatziak udaletxean.
Repsolekin harremanetan
Oxel Erostarbek azaldu du Udala Repsolekin harremanetan dagoela "egoera hau bideratzeko pausoak emateko" eta asmoa duela egoera berean dauden herrietako ordezkariekin ere harremanetan jartzeko. "Gure asmoa da udaletxean jasotako kexa guztiak Repsolen aurkeztea", adierazi du Erostarbek. Ekimen horretan kaltetutako herri gehiagorekin batzen badira, hobeto.
Elgeta ez da kasu isolatua; Aramaion ere herritarren poltsikoek nabarmen sumatu dute propanoaren garestitzea. Aramaioko alkate Asier Agirrek atzo, eguena, egin zuen gaiaren inguruko bilera informatiboa kaltetutako herritarrekin.