Ez zituen herrian inork espero; ezustean etorri dira asfaltatze lanak. Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimena da eta Asfaltos Urretxu enpresako beharginak ari dira lanok egiten. "Datorren asterako amaitzea aurreikusten dute", adierazi dute udal ordezkariek. "Gudarien bidean eta Artekaleko zati batean berrituko dute asfaltoa".
Lanok zirkulazioa arazoak sortzen dituzte eguneko zenbait unetan, batez ere zirkulazio handien dagoen orduetan.
Zirkulazio aldaketak
Atzerapenik sortzen ez bada aste bukaeran semaforoek ez dute ohikoa den moduan detektorearekin funtzionatuko, baizik eta modu automatikoan egongo dira martxan.
Arku azpiko asfaltoa berritzeko, berriz, Kataiko arkua itxi egin beharko dute. Beharginek kalkulatzen dute astelehenean gertatuko dela hori. Hala, egun horretan eta lanak bukatu bitartean, zirkulazioa Berraondokotik desbideratu beharko dutela jakinarazi dute Udaletik.
Bestelako lanak
Asfaltatze lanok ezustean harrapatu dituzte Elgetako udal arduradunak. Aldundiak ez omen du bere asmoen berri eman eta asfaltatze lanak oinezkoendako bideak eta autobus geltokiko seinaleak margotu berriak izan ostean etorri dira. Hala, erakundeen arteko koordinazioak, atzera ere, kale egin du.
Hori horrela, Udaletik adierazi dute bestelako hobekuntzak eskatu dituztela. Esaterako, Torrealdeako sarrera moldatzeko eskaera egin du Udalak. "Ez dute konponduko hori obra handia delako, baina apur bat txukuntzeko eskatu dugu", adierazi dute Udaletik. Bestalde, azken boladan nahiko kaltetua egon den autobus paradetako asfaltoa berritzeko eskaera ere onartu dute.