Debagoieneko Mankomunitatea, Euskal Herria aldizkaria eta Elgetako Udala jo eta ke ari dira maiatzaren 28 eta 29an Elgetan ospatuko den Mundumira jaia antolatzeko lanetan. Herri batzarrak egin dituzte Elgetan eta herritarrak murgildu nahi dituzte jaiaren antolaketan. Logistika kontuak aztertzen dihardute: garraio publikoa, aparkalekuak… Luze joko du, halere, langintza horrek, maiatzeko azken asteburura dagokion moduan ailegatzeko.
Musikaz gain, Mundumira jaian ohiko direnak ere izango dira aurten: Euskal Herriko boulder txapelketa, nekazaritza ekologikoaren azoka, umeen gunea, kale animazioa, artisautza eta munduko zaporeak, elkartasun foroa...
Andaluziar fusioa
Antolatzaileek jaiaren gaineko zehaztasunak emango dituzte martxoaren 30ean Elgetan, hedabideen aurrean. Oraingoz jakin dugu ziurtatuta dauden taldeen izenak. Eta horien artean aipamen berezia merezi du Los Delinqüentes taldeak. 1998an, Jerez de la Fronteran (Cadiz), Miguel Angel Benitez Er Migue eta Marcos del Ojo Er Canijo de Jere bikoteak osatu zuten taldea. Hauei, Diego Pozo Er Raton gehitu zitzaien geroago. Andaluziar jatorrizko musika, flamenkoa-eta, nahasten dute poparekin, funky-arekin, bluesarekin edo rockarekin. Eta abestietako letrek ematen die berezitasun puntua.
Elgetako Udalaren adierazpenak
Prestaketa lanetan buru-belarri dabilela aitortu du Oxel Erostarbek, Elgetako alkateak, gaur, eguena, goizean Arrasate Irratian. Aparkalekuak modu egokian antolatzea dute, besteak beste, burukomin. Apirilaren 7rako egin dute Mundumira jaialdian laguntzaile moduan jardun gura dutenentzako bilera hitzordua. Jarraian duzue Oxel Erostarbek 107.7an kontatutakoak entzuteko aukera.