Nola otu zitzaizun gerra garaiko jakiekin menua egitea?
Espaloian dago 36ko gerraren inguruko Interpretazio Gunea. Aukera ikusi nuen gai horrekin lotuta jatetxetik ere gure eskaintza egitea.
Ikerketa txiki bat egin behar izan duzu, orduan?
Bai. Artxiboetan eta Interneten begiratu dut. Jakin badakigu gerra garaian elikadura oso eskasa zela eta esan beharra daukat gai horren inguruan informazio oso gutxi dagoela. Baina zerbait aurkitu dut.
Zer jaten zuten gerra garaiko gudariek?
Alde batetik, bertako barazkiak eta garaian garaikoak. Batata asko jaten zutela jakin dut. Gainera, Argentinatik bidalitako sardina eta atun kontserbak eta, tarteka, Errusiatik iristen zen kabiarra. Okela, zegoenean idi-okela izaten omen zen. Osagai horiekin guztiekin menu berezia egin dugu.
Zein da menua eta noiz emango duzue?
Urdaiazpiko iberikoa, kontserba arrainekin eta lupoaren edo amuarrainaren arrabekin osatutako entsalada epela, idi-okela, arrain freskoa –gerra garaian ez zuten jaten, baina zerbait eskaini behar dugu [Barre]– eta batatarekin egindako Gudari tarta. Aste bukaeretan emango dugu, 20 eurotan. Jendeari gustatzea espero dut.