Repsol Gas-en azken fakturak direla-eta kexak udaletxean

Larraitz Zeberio Lekuona 2011ko martxoaren 10a

Kexa guztiak batu eta modu bateratuan kanalizatu behar direla uste dute udal ordezkariek.

Adostasuna izan zen nagusi gai honen inguruan martitzenean egindako osoko bilkuran. Zinegotzi guztiak bat datoz; erabaki bat hartu beharra dago. "Denbora da Repsolekin harremanetan gaudela", adierazi zuen Oxel Erostarbe alkateak, "baina ez digute kasu larregi egiten. Herriko kanalizazioa bere eskuetan dago eta ez dute kolaboratzeko borondate argirik erakutsi". Alkatearen esanetan bere egunean Repsolekin egindako hitzarmenak eraman gaitu gaur egungo egoerara.

Oposizioa ados agertu zen eskaerak bateratzeko proposamenarekin. "Herri denen artean eta administrazio handiagoen laguntzarekin indar gehiago egin dezakegu", esan zuen H1!-eko ordezkari Iñaki Ugarteburuk, baina kritiko agertu zen alkateak egindako balorazioarekin. “Ez dut uste bere egunean Repsolekin sinatutako akordioaren inguruan horrela hitzegitea egokia denik. Bere orduan akordio ona izan zen eta soluzio bat orduko egoerarendako".

Gaia hazienda batzordera

Alkateak esan zuen hurrengo Hazienda batzordera eramango dutela gaia, baina aurreratu zuen eskaera guztiak bateratzea duela buruan. "Beste herri mordoa dago egoera berean eta komeniko litzateke Diputazioari eskaera bateratua egitea”. Erostarbek adierazi zuen gai korapilatsua dela eta ez dela batere erraza izango Repsolekin etetea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak