Udal hirigintza planeamendu berriari (PER) behin-behineko onarpena eman dio Elgetako udalbatzak. Agintaldiko egitasmo garrantzitsuenetarikoa dela adierazi du Oxel Erostarbe alkateak. "Eraikuntza berriak altxatzeke etorkizunean 20 etxebizitza tasatu egiteko oinarriak ipini ditugu", adierazi du. "Hutsik dauden etxebizitzak birgaitzea bideragarri egitea lortu dugu eta etorkizunean Elgetako gazteek etxebizitzak prezio duin batean erosteko aukera izango dute".
Planeamendu berriak herrian babestutako 20 etxebizitza egiteko aukera zabaltzen du; zortzi Azkarate familiaren eraikinean, bost Panaderokua tabernaren eraikinean eta zazpi Salbador kaleko 18-20 atarietako eraikinean. "Azkarate familiaren eraikineko proiektua dago aurreratuen", esan du alkateak. "Proiektua idatzita dago eta promotorea azken negoziazioetan dabil eraikinaren jabeekin".
Hirigintza planeamenduak finkatzen du beste batzuen artean eraikin horietan zenbat etxebizitza egin daitezkeen. Proiektuak aurrera eramatea jabeen eta promotoreen egitekoa izango da.
Etxabeak eta ganbarak
Martitzeneko bilkuran, arau subsidiarioen aldaketa ere onartu zuten, eta herriko etxabeetan eta ganbaretan etxebizitzak egiteko aukera zabaldu. "Baxu eta ganbara horiek gutxieneko ezaugarri batzuk bete beharko dituzte bertan etxebizitzak egin ahal izateko eta ezingo dira prezio librean saldu", adierazi du alkateak. Etxebizitza horien gaineko udal ordenantza egin behar dute orain udal arduradunek. Hirigintza batzordean ordenantza hori lantzen dihardutela aurreratu du Erostarbek. Asmoa da hurrengo osoko bilkurara eramatea.