Udalak batzar irekia egin du, herritarrei bi urbanizazio proiekturen gaineko xehetasunak emateko. Besteak beste, Oxel Erostarbe alkatea, Hirigintza zinegotzi Iban Retolatza eta Toledo taldeko Kristina Zarrabeitia eta Jose Miguel Toledo izan ziren aurkezpenean.
Herrira ekarriko dituzten aldaketengatik eta horiek duten aurrekontuarengatik proiektu handiak dira biak ere. Oxel Erostarbe alkateak argi utzi zuen ez direla berehala gauzatuko. "Udalak finantzazioa lortu behar du eta Gudarien bidea oinezkoendako bihurtzeko beharrezkoa da Foru Aldundiak saihesbidearen bigarren fasea exekutatzea", adierazi zuen. "Diru-iturriak lortzen badira, proiektuari zatika heltzeko aukera egon daiteke, batez ere San Roke kalean", gaineratu zuen.
Proiektu biek zorua aldatzea, lur azpiko azpiegiturak berritzea eta hiri-altzari berriak ipintzea aurreikusten dute, herriko gune ezberdinei estetika uniforme eta jarraitua emateaz bat. Helburuak asko dira: erdigunean hobekuntza lanak egitea, herriko gune zentralak oinezkoen erabilerara bueltatzea eta herrian bizitza soziala suspertzeko aukerak zabaltzea. Zailtasunak ez dira faltako; ekonomikoak zein orografikoak. Izan ere, erdigunean maila eta koska handiak daude.
San Roke kalea
Urbanizazio proiektu horrek zorua aldatzea eta lur azpiko azpiegiturak berritzea aurreikusten du. Hiru gune desberdin planteatzen ditu. Behetik elizarainoko tartea gaur egun ezagutzen dugun moduan geratuko litzateke eta aldaketa handiena elizatik kale bukaerainoko zatian izango litzateke. Herriko erdigune historikoa izanik, galtzada-harri naturala proposatu dute arkitektoek, baina gaur egungoa baino uniformeagoa, kroskarik gabekoa. Galtzada kalearen alde bietara mugatuko litzateke eta erdian ubidea ipiniko litzateke; gutxi gorabehera, Salbador kalean orain dugun antzerako diseinuarekin. Lanon aurrekontua 344.010,56 euro da.
Gudarien bidea
"Egunero, 2.000-5.000 ibilgailu pasatzen dira Elgeta erdigunetik", adierazi zuen Jose Miguel Toledok. Urbanizazio proiektu berriak espazio hori oinezkoendako gune bihurtzea planteatzen du. Proiektu oso handia da, aurrekontua ikusi besterik ez dago: 893.170,14 euro. Zirkulazioa Torrealdea kaleko beheko sarreran itxiko litzateke eta ibilgailu puntualendako bideak Herriko Plazara egingo luke, Ostatu taberna parean ezkerrera egin eta Berraondokotik irten.