Kresal usaina akaso ez, baina itsas kutsua izango dugu gaur, barikua, Elgetan. Herri Eskolatik piratak, itsasmutilak, naufragoak eta urpekariak irtengo dira 15:00ak aldera. Ateri eusten badio kalejira egingo dute Herriko plazaraino eta bertan asteotan prestatutako dantzak eskainiko dituzte.
Bertan izango dituzte zain Maala guraso elkarteko ordezkariak. Txokolate beroa gertatuko dute umeen dantzak amaitutakoan bertaratutako guztien artean banatzeko. Eguraldi txarrarekin eskolatik adierazi dute umeek ez dutela kalejirarik egingo eta dantza emanaldia zein txokolate-jana udal pilotalekuan egingo dituztela.
Antzerkia eta mozorro-festa
Haurrendako antzerki-emanaldia iragarri du, bestetik, Udalak. Gasteizko Latirili taldeak Haurtxoaren zopa ikuskizuna egingo du Espaloia kafe antzokian 17:00etan hasita. Klown ikuskizuna da non txotxongiloek ere parte hartzen duten.
Gaztetxoendako, azkenik, disko-mozorro festa antolatu dute. Gimnasioan egingo dute eta sartu ahal izateko ezinbestekoa izango da mozorrotuta joatea. Dantzan eta kantuan egiteko aukera egongo dela aurreratu dute antolatzaileek. Disko-mozorro festa 21:00etan hasiko da. Eta urtero moduan, herriko tabernetan gustura hartuko dituzte mozorroak! Mota guztietakoak!