Zelan animatu zinen zinegotzi izateko aurkeztera?
Independenteak zeuden Udalean garai hartan. Orduan, EAJkoak etorri ziren eta galdetu zidaten ea aurkeztuko nintzen zinegotzi izateko. Ni nahiko konprometitua izan naiz gauza askorekin, eta erabaki nuen baietz. 16 urtez izan naiz Ongizateko zinegotzi Udalean.
Emakume gutxi izango zineten garai hartan Udalean.
Bi emakume ginen, Mari Karmen Etxeberria eta biok.
Zelako garaiak izan ziren zinegotzi urte haiek?
Garai onak izan ziren. Gauza asko egin genituen, eta, gainera, gauza asko zeuden egiteko. Industrialdeko lanak hasita zeuden, adibidez. Garai hartan diru-sartze asko izaten genituen; zorrak ere izango genituen, baina ez asko. Ekintza asko egiten genituen, urte onak izan ziren.
Ze behar zeuden garai hartan Elgetan?
Orduan industrialdea egin zen, frontoia eginda zegoen, eskola ere orduan egin zen. Gogoratzen dudan arazo handiena lantegi batekin izan genuen. Elgetak Bizkairekin muga egiten duen tokian, txori fabrika bat zegoen, galeperrak zituena. Horrek euli asko sortu zituen, eta herria euliz betea izaten genuen. Hori, adibidez, konpondu beharreko gatazka handia izan zen.
Elgeta herri txikia izanda, langabezia asko ez zenuten izango, eta ongizate mailan ez zenuten lan askorik izango, alde horretatik behintzat.
Beti zegoen norbait laguntza eman behar zitzaiona; euren burua zaintzeko gauza ez zirenak, adibidez. Horiei laguntza asko eskaintzen genien.
Eguneko zentroa izan zen proiektu nagusia?
Bai, eta eskolak ere bai. Garai batean eskola nazionalak eta ikastola zeuden herrian. Baina, behin adin batera iritsiz gero, Bergarara joan behar izaten zuten gaztetxoek. Nazionalak zeuden orain gaztetxea dagoen tokian eta ikastola Domingo Iturbe Patronatua dagoen tokian. Ikastolak 20 urte inguru egin zituen, baina, mantendu ezin zenez, utzi egin genuen. Gaur egun euskal eskola publikoa daukagu herrian.
Eguneko zentroa noiz hasi zineten lantzen?
Etxe berriak egiten zirenean, ehuneko zati bat Udalarendako izaten zen. Hortaz, lokal horiek aprobetxatu genituen eguneko zentroa egiteko. Nik beti esaten nuen etxe horiek egiten zirenean han egingo genuela eguneko zentroa. Batera egin genituen eguneko zentroa eta babestutako etxeak.
Zazpi pertsonarendako lekua dago zentroan. Hasieran Eibartik etorri ziren, eta beteta izan genuen, baina orain lau bakarrik ditugu. Hitzaldi batzuk egin behar ditugu orain, ea jendea animatzen den zentrora etortzera. Ez dakigu zergatik jendea ez den animatzen hona etortzera.
Diputazioaren laguntzarekin, eta herritar batek egin zuen dohaintzarekin, Udalari ez zitzaion ezer kostatu eguneko zentroa eraikitzea.
Nola ikusten duzu herria?
Niri asko gustatzen zait, herri txikia da, baina denetarik dugu. Udalean gauza asko eginda hartu zituzten baina oraindik badaude egitekoak. Gertatzen dena da ez dela garai onena, dirurik ere ez dago-eta.