Barre algarak 'Pésama mucho' antzezlanarekin Elgetan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko otsailaren 27a

Barre eragitea. Hori izan zen Pez en raya antzerki taldekoen asmoa egubakoitzean Elgetan; eta, lortu zuten. Hasieran Espaloira joandako ikusleak nahiko hotz egon ziren arren, antzezlana ikusi ahala, berotu eta barre algara ederrak egin zituzten. Pésame mucho antzezlanak zorigaiztoko herri bateko istorioa kontatzen du. Hain zuzen, herriko alkatea esne-saltzailearekin ezkondu behar den egunean, deabru batek herria hartzen du. Hala, eguna zapuzten die deabruak herritarrei.

Esne beltza

Cristina Medina eta Joan Estrader dira antzezlaneko protagonistak. Umorea da istorioaren ardatza; umore sinplea. Deabruak herria hartu duela azaltzeko, behi bat esne beltza ematen hasiko da. Hori da istorioaren abiapuntua, eta gainerakoa umorea eta txorakeriak dira, bata bestearen atzetik. 
"Pez en raya inoiz ikusi ez duenak bost minutu behar ditu konturatzeko ze umore mota den. Tontakeria hutsak direla konturatzen direnean, asko gozatzen dute", azaldu du Cristina Medina aktoreak. Medinaren ustez, hori gertatu zen egubakoitzean Espaloian. Ikusleei kosta egin zitzaien girotzea; baina, behin girotutakoan, "ederto" pasa zutela azaldu du. "Lasai hasten da jendea eta antzezlana aurrera joan ahala animatzen dira. Egia da baita, guk egiten dugun antzerki mota ez dela oso ohikoa; hortaz, hasieran puntua harrapatzea zaila izaten da. 'Baina, zer gertatzen zaie, txoratuta daude?' pentsatzen dute ikusleek, eta gero konturatzen dira, baietz, txoratuta gaudela. Hortaz, barre egiten dute", azaldu du Medinak.

Elgetan, hiru bider

Pez en raya taldea hiru bider izan da Elgetan. Medinak aitortu du Elgetakoak "poltsikoratzeko" lan asko egin behar dela. Hala ere, Espaloian egon diren hiruretan arrakasta lortu dute.
Pésame mucho antzezlana 2002an estreinatu zuten. Aurten, 13. urteurrena ospatzen dabiltza antzerki taldean eta arrazoi hori tarteko, berriro dabiltza eskaintzen antzezlana. 400 emanaldi baino gehiago egin dituzte dagoeneko; Euskal Herrian gain, Espainian, Italian eta Ingalaterran ere izan dira Pez en raya taldekoak Pésame mucho lanarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak