Hauteskunde atarian, hasi dira lehenengo ika-mikak

Larraitz Zeberio Lekuona 2011ko ots. 25a, 13:32

Batzar ireki baterako dei egin dio Aralarrek oposizioari.

Etxeko postontzian bi buletin. Kritika alde batetik eta erantzuna bestetik. Oposizioak – EAJ eta H1! – udal gobernuaren kudeaketa ekonomikoa kritikatu du eta laster etorri da Aralarren erantzuna: "Zenbakiek erakusten dute bakoitzaren kudeaketa". Alde biek herritarrak mareatzeko beste datu eman dituzte. Kudeaketa "egokia" izan da Aralarren esanetan; "hutsaren hurrengoa", berriz, oposizioaren hitzetan.

Zorra eztabaidagai  

Udalaren egungo zorra 1.019.000 eurokoa dela dio oposizioak, "duela lau urte baino 355.000 euro gehiago". Beste datu batzuk eman ditu Aralarrek: "1.091.131 euroko zorrarekin utzi zuten Udala". Gaineratu dute, bestalde, agintaldi honetan 2.104.707 euro ekarri dituztela dirulaguntzetan, "aurreko agintaldiaren bikoitza". Oposizioa, bere aldetik, Udalaren zorpetze mailarekin dago arduratuta baita 2011. urterako onartu berria den aurrekontuarekin ere. "Ez da inolaz ere sinesgarria; gezurretako Aurrezki Garbi Positiboa duen aurrekontua da". EAJ-H1! alderdien esanetan "Aralar eta ANV gobernura iritsi zirenetik ez da egon dirua aurreztu duten urterik" eta Gipuzkoa mailan antzerako herriekin alderatuta zorrik handienetarikoa duen udalerria da Elgeta. "Orain Elgetako Udala, bere egoera ekonomiko txarragatik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Herri Harremanen zerbitzuaren babespean dago", esan dute. Aralarrek bere gestioa defendatu du. Agintaldi honetan egindako zorra 437.087 eurokoa dela esan du eta aurreko agintaldian, egoera ekonomikoa ona zenean, 646.669 eurokoa.

Batzar irekirako deia  

Aralarrek jendaurreko batzar ireki batera deitu ditu oposizioko kideak "herritarren aurrean bakoitzak bere gestio ekonomikoaren defentsa zuzena egin dezan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak