Pianoa jotzen dute eta aurreko aste bukaeran Andoaingo piano jaialdian izan ziren. Urteroko hitzordua da Andoaingoa pianojole gazteendako eta aurtengoan zilarrezko sei domina eta brontzezko bat ekarri dituzte elgetarrek. Aukera polita da jendaurreko emanaldiak egiteko baita ikasitakoa publiko aurrean erakusteko ere.
Hurrengoa, maiatzean
Lorea Larrañagaren ikasleak dira zazpiak eta Larrañagak adierazi digunez maiatza inguruan egingo dute hurrengo jendaurreko emanaldia. "Urtero egiten dugu Debagoiena mailako emanaldi bat eta maiatza inguruan izan ohi da. Ez dakigu oraindik zein herritan izango den, baina saio horretan izango garela pentsatzen dut. Ikasleei ondo etortzen zaie".
Andoaindik ekarritako dominak eta diplomak txukun gorde eta buru-belarri hurrengo emanaldia prestatzen hasiko dira laster gazte hauek.