Elgeta 2020 prozesuan kirola ere hizpide izan zuten parte-hartzaileek. Herritarrekin egindako bilera irekietatik, batzar sektorialetatik zein kirol forotik hainbat proposamen irten dira.
Kirol instalazioak zaharkituta gelditu direla-eta hobekuntzak egiteko beharra nabarmen geratu da. Egindako eskaeren artean daude kirol zerbitzu guztiak kirolgunean zentralizatzea; gelak erabilera anitzeko irizpideaz eraberritzea; kanpoko kantxa argiztatzea, estaltzea zein lurra berritzea; eta Aixolaruntz dagoen aldatzean hesia ipintzea.
Igerilekua
Proiektu horren inguruko bideragarritasun azterketa egiteko eskaera egin dute herritarrek. Kirol foroan parte hartu zutenen iritziz proiektua ez da bideragarria, baina bada igerilekua Asentzion egiteko proposamena bota duen herritarrik ere.
Beste parte-hartzaile batzuk laguntzak eskatu dituzte Bergarako igerilekura jaitsi ahal izateko, eta besteak beste garraioa errazteko. Erretiratuendako ikastaroa berriz antolatzearen aldekoak ere agertu dira. Kolektibo honekin lotuta erretiratu gazteen azterketa sakona egiteko proposamena ere jaso da; helburua litzateke interesak ezagutzea kirol praktika bultzatzeko.
Bidegorriak eta ibilbideak
Oinezkoendako zein bizikletendako ibilbideak egiteko proposamena ere jasota dago Elgeta 2020 txostenean. Norberak bere neurrian, adin guztietako herritarrek jarduera fisikoa praktikatzeko aukera emango dutela uste du batek baino gehiagok. Kiroldegitik abiatu daitezkeela proposatu zuten herritarrek; Pagatza industrialderakoa izan daiteke bat, eta horri jarraipena emanez Bizkaia aldera luzatu "aldaparik ez dagoelako". Mendi bizikletendako ibilbideak markatzeko ere eskatu dute.
Eskola kirola
Gehienbat kirol foroan haur eta gazteen artean ere kirol praktika sustatu beharra dagoela azpimarratu zuten. Eskola kirola izan daiteke horretarako bidea euren ustez; eskola kirola indartzeko eta erakargarriago egiteko beharra ikusten dute. 12-18 urte bitarteko gazteen artean, berriz, kirol jarduera sustatzea ezinbestekoa dela uste dute. Gainera, autogestioa bultzatuz.