Espainiako Gerra Euskal Herrian oinarri hartuta, Elgetako ibilbideak Intxorta mendiaren magalean izandako frontearen hainbat xehetasun ezagutzeko aukera ematen du. Pare bat hilabeteko etenaldiaren ostean martxoan abiaraziko dituzte berriz ere bisita gidatuak. Saioa Rozasek egingo ditu eta ezinbestekoa da aurrez izena ematea izan ere gehienez 30 laguneko taldeak egiten dituzte. 943 79 64 63.
Ibilbidea Elgetako Espaloia Kafe Antzokitik abiatuko da 10:00etan eta hiru orduko iraupena izango du; lehendabizi Interpretazio Gunea bisitatzen da eta ondoren bost kilometroko ibilbide tematikoa oinez egiten dute. Prezioa bi euro da.
Babeslekua
Ibilbide tematikoan, lubakien gunean, babeslekua egiten dabiltza. Udalak garai hartako lau edo bost babeslekuren toki zehatza ezagutzen du, eta horietako bat berreskuratze lanetan ari dira. Intxorta 1937 elkartekoen laguntza izan dute horretarako. Gordelekuaren altuera 1,60 metro da eta 16 metro inguru ditu. Horrekin batera, hainbat lubakiren zakuak ere aldatzen ari dira; telazkoak dira eta margo berezia izango dute eguzkiak eta euriak kalte ez ditzaten.