“Zentroa zabaldu zenean nahiko zalaparta egon zen. Elgetan baino gehiago inguruko herrietan nire ustez”, gogoratzen du Oxel Erostarbe alkateak. “Gero, gainera, handik gutxira, Ertzaintza etorri beharra egon zen. Horrek ere nahiko zalaparta sortu zuen”. Urtea bete da Gipuzkoako Foru Aldundiak Aixola Goikoa baserrian adin txikiko etorkinendako zentroa zabaldu zuela. Herritarrek adierazi dute ez dela herriko bizi-kalitatean aldaketarik nabaritu.
Herritarrak, lasai
"Nik uste dut horrelako zentroekin normalean pasatzen den moduan gauzak normalizatzen dabiltzala", baloratu du egunotan alkateak. "Elgetako udaletxetik behintzat ez dugu arazo larririk ikusten".
Herritarren iritzia jasotzeko asmoarekin adin txikiko etorkinendako zentroaren gaineko galdera bat sartu zuen Udalak berriki telefonoz egindako inkestan. 18 urtetik gorako 234 elgetarri galdetu zaie ea zentroa zabaldu izanak eragina izan duen herriko bizi-kalitatean. Ezetz erantzun du %11,5ek, ez dela nabaritzen %54,3k eta baietz %29,1ek. Gainerakoek, %5,1, ez dute iritzirik eman.
Auzotarrak
Aixolan auzotar gutxi bizi da egun, baina badaude baten batzuk. Adin txikikoen zentrotik oso gertu bizi dira esaterako Angel Gallastegi eta Arantxa Elkoro senar-emazteak. "Ez dugu kexarik, formal dabiltza aspaldi honetan", esan digu Elkorok. "Ikusi ere gutxi ikusten ditugu", adierazi du. "Tarteka, baloi batekin jolasean ikusten ditugu eta zentrotik irteten direnean zaintzaile batekin irteten dira beti. Aspaldi honetan formal dabiltza".
Jarraipen batzordea, martxan
Aixolako zentroa zabaldu eta denbora gutxira jarraipen batzorde bat ipini zen martxan inguruko hainbat udaletxeren ekimenez. "Eibar, Ermua, Elgeta eta Zaldibar gaude jarraipen batzorde horretan, baita Gipuzkoako Diputazioa ere", azaldu du Oxel Erostarbe alkateak. "Hilero elkartzen gara eta jarraipena egiten diegu zentroaren gorabeherei. Hori izan zen adostutako bidea eta bide egokia dela uste dut", esan du Erostarbek.