GR-121 mendi ibilbideak Elgetan izango du etapa baten bukaera eta beste baten hasiera

Mirian Biteri 2011ko otsailaren 18a

Ibilbidearen trazatua aldatu egin dute eta marka berriak ipintzen ari dira asteotan.

Gipuzkoako Mendizale Federazioa ibilbide homologatuak berrikusten eta egokitzen ari da. Asteotan Elgetan dabiltza Gipuzkoa osoa hartzen duen GR-121 delako ibilbidea txukuntzen.Eibar-Elgeta eta Elgeta-Gesalibar zatietan ari dira lan egiten. Elgetari etapa baten bukaera eta beste baten hasiera emanda protagonismoa eman nahi izan diotela azaldu du Gipuzkoako Mendi Federazioko zuzendari-laguntzaile Igor Aldalurrek. "Euskal mendizaletasunean Elgeta oso herri inportantea da, Euskal Mendizale Federazioa bertan sortu zen-eta", adierazi du.GR-121 ez da aurrerantzean Aixolatik pasako. Bai, aldiz, Elgeta herrigunetik. Bertatik, 36ko gerraren gaineko ibilbide tematikoa hartu eta Asentzioraino egingo du, Intxortako ateraino. Jarraian, orain arte moduan Kanpanzarrera egingo du.

Egokitzapen lanak

GR-121 ibilbidea marra zuri-gorriekin margotzen ari dira. Eibar-Elgeta zatia margotuta dago eta Elgeta-Gesalibarri dagokionez, Kanpanzarreraino iritsi dira. Gainera, GR-121 beste ibilbide homologatuekin (PR eta SL) gurutzatzen den bakoitzean seinale bertikalak ipiniko dituzte eta informazio panelak jartzeko asmoa ere badute. Hilabete eta erdi inguru beharko dute ibilbidea txukun uzteko.

Jendea erakartzeko aukera

Honekin lotuta, Elgetako Udalak aurrekontua eskatu du ibilbide tematikoa eta PR-95 zaharberritzeko. Ibilbide tematikoa, gainera, SL ibilbide bihurtuko da, marra zuri-berdeekin. Sei eta zazpi kilometro arteko luzera izango ditu. "Elgeta moduko herri batendako SL bezalako ibilbide berri bat oso ona da", azaldu du Aldalurrek. "Ez du diru askorik eskatzen eta errentagarria den inbertsio bat da. Jendea ibilbide bat egitera joaten baldin bada eta galdu egiten bada, oso inpresio txarrarekin joaten da. Hobe da jendea pozik izatea; menditik buelta egitea eta gero Elgetan bazkaltzea. Hori ona da denondako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak