Bilerak, inkestak, foroak... amaitu da Foru Aldundiarekin batera Udalak bultzatutako Elgeta 2020 prozesu parte-hartzailearen lehenengo fasea. Galdera, orain, berez dator; eta orain zer?
Herritarrek egindako ekarpenekin zer egingo du Udalak?
Herritarrek eta herriko talde ezberdinek egindako ekarpenak txosten batean jasota daude. Asmoa, orain, ekarpen horiek lehentasunen arabera antolatzea da eta 2020ra begira betetzen joatea. Lehentasunak taldeka antolatuko ditugu; alde batetik bizpahiru urtean aurrera eramatekoak direnak, bestetik gauzatu ahal izateko urte gehiago beharko dituztenak, eta azkenik Udalaren eskumenak ez direnak. Azken horiek beste erakunde batzuekin negoziatu beharko dira.
Ekarpen interesgarriak egin dituzte herritarrek?
Askotariko proposamenak egon dira eta nahiko interesgarriak. Askotan udaletxetik urrun ikusten ditugun gauzak herritarrek gertuagotik bizi dituzte. Nabarmenduko nuke udaletxetik ere ikusia geneukan gabezia garrantzitsu bat azaldu dela; garraio publikoa. Herritarrek ere huts horrekin bat egiten dutela argi geratu da. Bagabiltza Foru Aldundiarekin horren inguruan berbetan. Ea hurrengo asteetan urte batzuetarako proposamenen bat adosten dugun.
Parte hartzea ona izan da?
Foroak, bilera sektorialak, inkestak... Formula ezberdinak topatzen saiatu gara. Parte-hartzea ona izan da, eta gura izan duenak aukera hori izan du.