Azken hilabeteotan herrian egindako 'Elgeta 2020' prozesu parte-hartzailean herri barruko merkataritza zerbitzuaren egoera ere hizpide izan dute. Merkataritza aktibitate hori zelan babestu izan dute besteak beste hizpide. "Aipagarria da dendariekin egindako bileretan jasotako ondorioetako bat", jasotzen du Prospektiker enpresak egindako txostenak. "Udalak konfiantza berreskuratu beharra, eta dendari eta zerbitzuekin elkarlan bideak martxan jarri beharra".
Sektoretik egindako proposamenen artean aurkitzen dira herritarrak erosketak herrian egiteko kontzientziazio kanpainak egitea, Udalaren esku dauden tasak arintzea eta merkatarien ekimena saritzea. Ez dira bakarrak. Proposatu dute gainera Udalaren eta merkatarien arteko lankidetza abiatzea. Garrantzitsua deritzote zentzu horretan herriko merkatariekin elkarlanean astelehenetako azokarako udal arautegia sortzea.
Kalitatezko aholkularitza zerbitzua ere lagungarria izango litzatekeela esan dute, bai egungo merkatariei eskaintzeko zein ekimen berri batekin datozenei tramitazioak errazteko. Udal erosketa eta esleipenetan ere herriko enpresak lehenestea positiboa litzatekeela adierazi dute.