Aurreko astean, eguenean, izan genuen Elgeta 2020 hausnarketa prozesu parte-hartzaileak emandako ondorio nagusien berri. Herritarrekin lau lan bilera ireki egin dira azken hilabeteotan baita hainbat bilera sektorial ere. Bilera horietan Herri eskolako, Maala guraso elkarteko, gaztelekuko, gaztetxeko, Xalbadorpe erretiratu elkarteko, osasun zerbitzuetako eta herriko dendariek hartu dute parte.
Askotariko ekarpenak jaso dira, baina herriak dituen lehentasunezko premien artean nabarmendu dira garraio publikoa zein osasun zerbitzuak zabaltzea.
Garraio publikoa
Garraio publikoa bultzatzeko apustu handia egin beharra dagoela azpimarratu dute herritarrek. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin garraio sarearen baldintzak negoziatu eta hobetu beharra dagoela argi geratu da.
Garraioarekin lotutako beste ekarpenen artean aipatu daitezke Elgetatik Debagoieneko eskualde ospitalera joateko zerbitzu baten beharra edo inguruko herriekin loturak sendotzeko premia. Industrialdeko enpresekin akordioetara iristeko aukerak aztertzeko proposamena ere mahai gainean dago, izan ere, industrialderako garraio zerbitzuek bat egin dezakete herritarren premiekin. Autoak elkarrekin erabiltzeko zerbitzua martxan jartzeko proposamena ere jaso da. Zerbitzu hori udaletxetik kudeatzeko aukera aipatu zen, hau da eskaintzarekin udaletxean zerrenda bat sortzea. Gazteek, bestalde, 'Mozkor busa' Elgetatik pasatzea eskatu dute.
Osasun zerbitzuak
Herrian dauden osasun zerbitzuak mantentzea eta zabaltzea da gai honetan eskaera nagusia. Bestalde, beharra ikusten da bakarrik bizi diren adineko pertsonek eguneko zentroan bazkaltzeko aukera izatea, hartzeko pilulak antolatzeko sistema pertsonalizatuaren erabilera sustatzea eta laguntza premia duten adinekoendako boluntarioen dinamika sustatzea. Adin guztietako herritarrak kirol praktikara erakartzea egindako beste ekarpen bat da.