Udalak Elgetan dagoen etxebizitza beharra neurtzeko galdeketa abiarazi zuen urtarrilaren hasieran. Astelehenean, urtarrilak 31, amaitu zen erantzunak jasotzeko epea eta hamar bizilagunek azaldu dute etxebizitza erosteko interesa. Gehienak 20-37 urte bitartekoak dira, eta adierazi dute berehala behar dutela etxebizitza.
Udalaren proposamenak
Udalak jakinarazi du zuzenean jarriko dela harremanetan hamar bizilagun horiekin. Horrez gain, hil honetan zehar herritar guztiendako batzar irekia deitzeko asmoa du. Batzar horretan, herrian babestutako etxebizitzak egiteko asmoa zertan den azalduko dute udal arduradunek.
Oxel Erostarbe alkateak aurreratu duenez, egitasmoak herrigunea birgaitzeko plan berria du ardatz. "Behin-behineko onarpena eman genion, baina behin betikoa falta da", esan du. "Asmoa da gaur egun herrigunean hutsik dauden eraikin batzuk zaharberritzea babestutako etxebizitzak egiteko". Horren harira, Azkarate familiaren eraikina da babestutako etxebizitzak egiteko aukeretako bat. "Herrigunea birgaitzeko plan berriak eraikin horretan babestutako zortzi etxebizitza egiteko aukera emango luke", azaldu du.
Alkateak esan duenez, Salbador kaleko beste eraikin baten antzerako operazioa egiteko aukera legoke. "Bi logelako etxebizitzak lirateke, 65 bat metro koadrokoak eta 107.000 eurotan". Laster deituko duen batzar irekian, Udalak jendaurrean aurkeztu nahi du Birgaitzerako Plan Berria. Gero behin-betiko onarpena eman beharko dio udalbatzak etxebizitza babestuak egiteko egitasmoak aurrera egin dezan. Udal promozioko etxebizitzak lirateke, eta ez Eusko Jaurlaritzarenak.
Informazio gehiago jasotzeko
Amaitu da Udalak egindako galdeketaren erantzunak aurkezteko epea, baina herritarren batek egitasmoa ezagutzeko interesa edukiko balu, danonartian@elgeta.net helbidera idatz dezake.