Udal politikoen dietekin lotutako bi aldaketa nagusi onartu ziren martitzenean egindako osokoan. Alde batetik, udal zinegotziek euren parte-hartzearen arabera kobratuko dituzte dietak, eta bestetik nabarmen jaitsiko dira dieta horiek. Zenbaki orokorretan esanda, iaz zinegotzien dietak Udalari 23.000 euro suposatu bazizkion, aurten 13.000 euro izango dira.
"Duela urtebete hasi ginen neurria eztabaidatzen", esan zuen plenoan udal gobernuko kide Edurne Alberdik. "Egoera ikusita erabaki ona da, hartu beharrekoa. Guk ere gure ekarpena egin behar dugu". Oxel Erostarbe alkatearen esanetan neurriak udal gobernuko kideengan du gehienbat eragina, batzordeburuengan.
Oposizioa, aurka
Elgetako Abertzaleak koalizioko hiru zinegotziek aurkako botoa eman zuten. "Zergatik erabaki hau hauteskundeetarako hiru hilabete eskas gelditzen direnean?", galdetu zuen Patxi Basauri bozemaileak. "Utzi gauzak bere horretan eta laga erabakia hurrengo udalbatzari".
Iñaki Ugarteburuk, bere aldetik, neurriaren motibazioa zein den galdetu zuen. "Aurreztea? Orain arteko dietak txikiak ziren, barregarriak, eta hemendik aurrera are barregarriagoak. Batzordeetara joaten diren zinegotzien lana, esaterako, ez da kontuan hartzen. Ze gutxi baloratzen den egiten dugun lana!", adierazi zuen.
EAJko ordezkari Joseba Muxikak, berriz, aurrerantzean plenoetara joatearren jasoko lituzkeen 25 euroak ekarpen moduan Udalari uzterik duen galdetu zuen.