1,6 milioi euroko aurrekontua onartu dute Elgetan 2011rako

Txomin Madina Milikua 2011ko urtarrilaren 26a

Eztabaidatsua izan zen aurrekontua onartzeko atzo egindako osoko bilkura: alkatearen esanetan, aurrekontu errealista da, egoera ekonomikora egokitutakoa. Oposizioaren iritziz, bestalde, pobrea da eta ez da beteko.

Debate biziaren ostean eta oposizioko hiru kideen kontrako botoarekin onartu zuten atzo Elgetan 2011rako aurrekontua. 1.582.980 eurokoa da onartutako aurrekontua; Oxel Erostarbe  alkatearen beraren esanetan agintaldiko txikiena eta Elgeta moduko herri baten ezaugarrietara egokitua. Mailegurik gabekoa eta errealista dela ere gaineratu du alkateak.

Erostarbek esandakoaren arabera, aurrekontua planteatzerakoan kontutan hartutako irizpideetako bat gastuari muga jartzea izan da, eta zentzu horretan, murriztu egingo dira dietak, baita  zerbitzu juridikoen zein parke eta lorategian mantenurako diru-lerroak ere. Dena den, alkatearen hitzetan, zerbitzuetan ez da murrizketarik egongo, eat zenbait kasutan, ludotekan esaterako, hobetu egingo dira.

Inbertsioen atalean, Domingo Iturbe patronatuaren inguruan dagoen proiektuaren aldeko apustua egiten du aurrekontuak erostarberen esanetan. Berau finantzatzeko dirulaguntzak garrantzitsuak lortu dituztela eta gehiago lortzeko gestioetan dabiltzala aurreratu du alkateak.

Oposizoa, kritiko

EAJ eta Hamaikabat alderdiek osatzen duten oposizioa bestalde, oso kritiko  agertu zen atzoko osoko bilkuran. Iñaki Ugartebururen esanetan, ez dute aurrekontuak dioena sinisten, izan ere, gastu batzuen jaitsiera eta sarrera batzuen igoera ez dituzte errelaka ikusten.

Ugarteburuk gaineratu du ez daudela ados kontratazio politikarekin, eta salatu, Elgetako Udalaren egoera ekonomikoapobretu egin dela, eta agintaldi honetan zehar, zorrak bikoiztu.

Alkatearen esanetan, oposizioa hauteskundeetara begira eta erdi-egiekin dabil. Agintaldi honetako kudeaketa ere defendatu du Erostarbek, esanaz maileguak erdira jaitsi direla eta lortutako laguntzak berriz, bikoiztu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak