Hilero, azken domekan, publiko guztiari zabaldutako Elgetako dantza saio irekia da Herrixa Dantzan. Irabazi asmorik gabekoa eta herri ekimenetik sortua. Iaz, urtarrilean, jaio zen eta ordutik hona egindako ibilbidearekin pozik daude bultzatzaileak. "Hasierako aurreikuspen guztiak bete dira", esan du saioak gidatzen dituen Patxi Monterok. "Elgetako eta inguruko herrietako dantzazaleendako bilgune puntu bat bihurtu da, eta ezaguna egiten hasia da. Ehun lagunetik gora bildu izan gara, adin eta herri ezberdinetakoak. Nire ustez hori oso polita da, izan ere, balore handia ematen diogu dantzaren gainetik sortzen den giro eta elkar harreman horri".
Dantzan egitera bakarrik ez, jende asko ikustera etorri ohi da. "Helburua ondo pasatzea da eta ikustera etortzen direnak ere giroa jartzen dute, parte hartzen dute", azaldu du Monterok. "Ekimenak urtebete egin dugu eta aurrera jarraitzeko asmoarekin gaude", esan du. Ideia berria pentsatzen ari direla ere aurreratu du.
Dantza ikastaroa
Dantzan ikasteko, berriz, dantza tradizionalen ikastaroak aurrera egin du. Eguenean egin zuten lehenengo saioa eta 10 lagun inguru elkartu ziren. Hurrengo saioa, eguenean egingo dute 19:30etik 20:30era.