Oxel Erostarbe: "Azken urteotan Elgetak hobera egin duela esan dute herritarrek"

Larraitz Zeberio Lekuona 2011ko urtarrilaren 20a

Telefono bidez 234 elgetarren iritziak jaso zituen Gizaker enpresak azaroan; emaitzak ikusgai daude elgeta.org webgunean.

larraitz zeberio  |  elgeta
Oxel Erostarbe alkatea gustura azaldu da inkestak emandako emaitzekin. "Herritarren gogobetetze maila orokorra altua da; 7,56ko nota ipini dute", adierazi du. Puntuazio altuenak jaso dituzten ekintzen artean alkateak nabarmendu ditu Asentzion egindako lanak (7,70), haurreskola, ludoteka eta gazteleku zerbitzuak (7,54), ibilaldi tematikoa (7,43), berdeguneak (7,37), eta herriko kaleetan lehentasuna oinezkoei eman izana (7,16). Azpimarratu  du kirol instalazioek jaso dutela notarik bajuena (6,54).

Behar nagusiak

"Inkestak balio izan du behar nagusi batzuk identifikatzeko", azaldu du Erostarbek. "Zentzu horretan, garraio publikoa zein osasun zerbitzuak hobetzea dira bi eskaera garrantzitsuenak".
Alkateari, bestalde, kontuan hartzekoa iruditzen zaio herritarrek saihesbidearen bigarren fasea egitearen alde agertu izana, baita defizitarioak izan arren haurreskola, eguneko zentroa, erretiratuen egoitza eta kultura etxea mantentzea eskatu izana. Igerileku bat egiteko aukeraren aurrean parekotasun handia dago. Kostu handiko proiektua dela jakinarazita igerilekua egitearen aurka azaldu da %44,9, eta alde, berriz, %42,7. Diputazioak Aixolako zentroa zabaldu izana, berriz, herrian ez dela igartzen adierazi du gehiengoak.
Emaitza guztiak zein politikariei herritarrek ipinitako notak elgeta.org webgunean daude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak