Bolatokian lapurreta egin dute

Maider Arregi 2011ko urtarrilaren 18a

Domekatik astelehenera bitartean sartu dira lapurrak Elgetako Bolatoki tabernara. Ertzaintzaren arabera, lapurretak egiten dituzten antolatutako talde bat izan da. Bolatokiko langile batek kontatu digunez, ezkutatutako alarma deskonektatzea lortu eta guztia eraman dute.

"Lapurrek eraikinaren lau metroak igo eta teilatuan ezkutatuta geneukan alarma desaktibatu dute. Nahiz eta Elgetako segurtasun sistema hoberena izan, nahi dutena egin eta lapurtu dute, oso azkarra izan da dena", azaldu digute Bolatokikoek. "Guztia eraman digute, musika ekipo osoa, bozgorailuak, ordenagailua, proiektoreak, geneukan guztia", gaineratu dute. Guztira, 12.000 euroko balioa zuten lapurtutako gauzek; dirurik baina, ez dute lapurtu, makinetakoa bakarrik. Lau urtetan sei aldiz egin dietela lapurreta ere esan digute. Bolatoki tabernakoek salaketa jarri dute eta orain Ertzaintza ikerketa egiten dabil. "Taberna zabalik daukagu, lanean jarraitu behar dugu-eta", gaineratu dute.

Eraikinak berak ere izan ditu kalteak: sabaiko igeltsua, leihoak, burdinazko hesiak... eraikina udalarena izanda, berau egin beharko da kargu. Oxel Erostarbe alkateak esan digunez, segurua oraindik lanean dabil kalteak zenbaterainokoak diren kalkulatzen.

Kobre lapurretak

Lapurreta hau baina, ez da egunotan Elgetan izan den bakarra: izan ere, Pagatza Industrialdean dagoen Iberdrolako etxola batean ere sartu dira lapurrak, eta kobrezko bobinak eroan dituzte.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak