Nola gogoratzen duzue bart Danbakako irabazle zinetela iragarri zuten momentua?
Itsaso Gutierrez: Poz handiarekin, urduri, eta nik neuk behintzat, emozio nahasi pila batekin. Ez genuen espero, hiru taldetako edozein izan zitekeen irabazlea, eta geuri tokatu zitzaigun; ezustekoa izan zen.
Irabazleak zinetela iragarri zutenean, ikusleen zati batek euren desadostasuna argi utzi zuten. Zer iruditu zitzaizuen erreakzio hori?
Christian Martin: Finalisten lagun eta senide asko bildu ziren bertan, eta halakoetan, zuk babesten duzun taldeak irabazten ez badu, euren alde egiten duzu.
Jon Kirru Iparragirre: Dena den, gu Lord Witch eta Desprezio taldeekin egon gara, eta elkar zoriondu dugu. Izan ere, Lord Witchek ere ez du sari makala irabazi. Nik uste dut denok gaudela pozik egoteko moduan.
I.G.: Hala ere, gu gora igo ginenean eta ni nire emozio guztia eutsita berba egin guran nenbilela beste talde baten izena oihukatzen egotean, nik neuk gaizki pasatu nuen, sufritu egin nuen eta errespetu falta handia iruditzen zait.
Egubakoitzeko gaua, orokorrean, nola joan zen?
J.K.I.: Aurreko egunean baino gusturago jo genuen, izan ere orduan arazo teknikoak izan genituen. Beste talde finalistekin harreman sanoa izan genuen; lehiaketa bat izan arren naturaltasunez eraman genuen. Musikari gonbidatuak ere etorri ziren jaira.... Nire ustez, jai eta egun gogoangarria izan zen.
Zer uste duzue ikusi duela epaimahaiak sari nagusia Xarmari emateko?
C.M.: Hori ez dakigu... Azkenean egiten duguna da atera eta guk geuk gozatu: ez dakigu teknikoki zelan gabiltzan, ez dakigu transmititzen dugun.
Danbakan izena eman zenutenean, zer zenuten buruan? Zein zen asmoa?
I.G.: Kuriosoa da, izan ere kontzertuak emateko leku bila genbiltzan, Espaloira deitu genuen eta han proposatu ziguten Danbakan parte hartzea. Eta halaxe egin genuen: diskoa hartu eta aurkeztu egin ginen.
Behin Danbakaren gurpila barrutik ezagutua, zer iruditu zaizue?
J.K.I.: Gu ez gara oso lehiaketa zaleak, baina ezin da ukatu eskaintzen duen saria ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula. Egun musikaren industriak bizi duen krisia ikusita gainera, disko bat grabatzeak izugarrizko esfortzu ekonomikoa suposatzen du eta aprobetxatzen saiatuko gara.
Danbaka irabazteari esker grabatuko duzuen diskora begira, baduzue buruan ze abesti sartuko dituzuen, abesti berririk egingo duzuen?
I.G.: Asmoa da abesti berriak egitea. Bere momentuan grabatu genituen abesti batzuk, eta diskora begira, nahiago dugu zerbait berria atera eta aire berriak hartzen hasi.
Gogoz estudioan sartzeko?
I.G.: Batez ere kantu berriak egiteko ilusioarekin gaude, lokaleko lanetan jartzekoarekin. Estudioko lanarekin baino, aurreko lanarekin hasteko gogoz gaude.
Abestiak konposatzeko orduan, lanak banatuta dauzkazue ala denok egiten duzue denetik?
J.K.I.:Abestiak egiteko orduan, Itsasok edo nik egiten dugu kantaren oinarria edo hasierako hazia; baina kanta gero benetan lokalean sortzen da: lehenengo musika eta melodia lantzen ditugu eta gero musikak iradokitzen duenaren arabera, letra moldatzen dugu.
Disko berria, Danbakan entzun dugun Xarmaren ildotik joango da?
I.G:Kantak barrutik ateratzen zaizkigu eta bakoitza dagoen unearen araberakoak izaten dira. Baina Xarma lehen kantuetatik hona bere nortasuna eraikitzen joan da, eta nortasun bereko abestiak izango dira.
J.K.I.:Kantak egiteko orduan ibilbide bat dugunez, elkarren arteko kimika ezagutzen dugunez, badakigu konposatzerakoan zein abestik funtzionatzen duen eta zeinek ez. Horrek geure buruari, geure gaitasunei neurria hartzeko balio digu, eta ilusioarekin gaude guretzat bigarrena izango den disko honekin hasteko.
Zuen musika inoiz entzun ez duenari, nola deskribatu zer den Xarma?
I.G: Ez dakit zer erantzun, ez dakit etiketak jartzen...
J.K.I: Rocka hartzen dugu ardatz, baina metal eta zenbait kasutan pop zertzelada batzuekin.
I.G:Denok ere oso musika ezberdina eta anitza entzuten dugu; batzuetan gauza lasaiak, bestetan gauza gogorragoak. Horiek azkenean, sortzen hasten zarenean, nonbaitetik ateratzen dira.
Letrak bai direla beraien artean ezberdinak: batzuk barnerakoiak, beste batzuk ados ez gauden hainbat gauza aldarrikatzen dituzte. Horrekin jolastea gustatzen zaigu: ez izatea ez oso zuzenak, ezta oso metaforikoegiak ere.
Zer eman dizue Danbakak?
C.M: Esperientzia oso polita, talde berriak ezagutzeko aukera... Eta guretzako, jotzea bera sari handia da. Jendearen artean ezagutarazteko aukera izatea izan da politena guretzat.
I.G:Horri esker, atera zaizkigu kontzertuak: bai bideoak jarrita daudelako youtube-n, baita ikusleen artean norbaiti gustatu eta deitu egin digutelako kontzertua emateko.
Nola planteatzen da Xarmaren etorkizuna?
I.G.: Oraingoz, oraina oso polita, eta etorkizunean etor dadila etorri beharrekoa. Baina nik nahiago dut orainean pentsatu: gaur (zapatua) kontzertua dugu Soraluzen, eta atzo bezainbeste gozatuko dugu; hurrengo kontzertuetan ere hori izango da asmoa.