Plazako dantzak ikasteko bi ikastaro Elgetan urtarrilaren 20an hasita

Larraitz Zeberio Lekuona 2011ko urtarrilaren 12a

12 orduko bi ikastaro dira; bata nagusiei zuzendua, bestea interesa duen edozein herritarri. Izenematea zabalik dago.

Batez ere joan den urteetan ikastaroetan parte hartu duten herritarrek eskatuta, Udalak bi dantza ikastaro antolatzea erabaki du. Patxi Monterok gidatuko ditu Espaloia kafe antzokian egingo diren saiook. Berehala, urtarrilaren 20an hasiko dira eta apirilaren 14ra bitartean luzatuko dira. Guztira, ordubeteko 12 saio egingo dituzte, astean bat; eguen arratsaldetan. Lehenengo ikastaroa bereziki erretiratuei zuzenduta dago; bigarrena, berriz, interesa duen edozein herritarri.

Nagusiendako dantza ikastaroa

Pertsona nagusiei bereziki zuzendua, eguenetan 18:00etatik 19:00etara egingo dituzte saiook. Baltsa, pasodoblea, polka, txotisa, tangoa, boleroa eta jotak landuko dituzte, besteak beste. Erritmoa eta oinarrizko pausoak ikasteko saioak izango dira. Prezioa, erretiratuendako, 10 euro da. "Adineko jendea, gehienetan ikusten geratzen da dantzara animatu gabe”, esan du Monterok. Helburuetako bat da Herrixa Dantzan saioan, erromerietan edo erretiratuen jaietan, adineko pertsona gehiago animatzea dantzara.

Plazako dantza tradizionalen ikastaroa

Ikastaro hau ere eguenetan egingo dute 19:30etik 20:30era. Pasodoblea, balsa, polka, scottish. Habanera, trikitixa, porrusalda, fandango, arin-arin, jauziak, korruko dantzak eta Europa dantza sozialak landuko dituzte gehienbat. Ikastaro honen prezioa 25 euro da.

Eman izena hemen edo jo Elgetako udaletxera

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak