Mankomunitateak kendu egin du Puntu Berde Mugikorra

Larraitz Zeberio Lekuona 2011ko urtarrilaren 10a

Mankomunitateak sukaldeko olio erabilia jasotzeko makina ipini du, baina bi barikutik behin herrira etortzen zen Puntu Berde Mugikorra kendu egin du.

Berraondokoan dago ipinita olioa jasotzeko makina, eta abendu amaieran banatu zituzten etxez etxe olioa biziklatzeko beharrezkoak diren ontzi bereziak. Makina berria 24 ordu egongo da erabilgarri eta Mankomunitatearen esanetan olioa birziklatuta lortzen diren ingurumen onurak dira ura kutsatzen duen hondakinaren deuseztapena, araztutako uraren berrerabilpena, eta degradazioa zein dependentzia energetikoa murriztea. Garrantzitsua da sukaldeko olio erabilia birziklatzea. Mankomunitateak emandako datuen arabera, 2009. urtean 1009 litro jaso zituen Puntu Berde Mugikorrak Elgetan.

Puntu Berde Mugikorrari, agur

Txanponaren beste aldean, Puntu Berde Mugikorraren desagertzea dago. Horrek esan nahi du aurrerantzean ez dugula herrian ikusiko gaikako bilketa egiteko bi astean behin etortzen zen kamioia. Aurrerantzean, herritarren erantzukizuna izango da kamioi horrek jasotzen zituen gaiak garbigunera eramatea. Gai horiek dira, besteak beste; fluoreszenteak, bonbilak, bateriak, toner kartutxoak, erradiografiak, telefono mugikorrak eta kargadoreak, etxe-tresna elektriko txikiak, zinta magnetikoak, aparatu elektrikoak, informatika aparatuak, disketeak, motore olioak, margoak, disolbatzaileak, garbitasun produktuak, aerosol ontzi beteak edo erdi beteak, urrutiko mandoak, erlojuak, irratiak, kalkulagailuak, walkmanak...

     Hiru garbigune daude Debagoienean; Arrasaten, Bergaran eta Oñatin. Elgetatik gertuen dagoena Bergarakoa da; Angiozarreko bidean dagoena, hain zuzen ere. Bere ordutegia honakoa da: astelehenetik barikura bitartean 09:00-13:30 eta 15:00-19:00. Zapatutan, berriz, 09:00-13:30.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak