Elgetako Udalak, UEMAren eskutik, hitzarmena sinatu du Gipuzkoako Kutxarekin eta Euskadiko Kutxarekin

Larraitz Zeberio Lekuona 2010eko abenduaren 20a

UEMAko kide diren beste 39 udal ordezkarik moduan zapatuan sinatu zuen akordioa Oxel Erostarbek

 

Zapatuan, abenduak 18, Deban egin zuen UEMAk urteko bigarren batzarra. Bertan Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) kide diren 40 Udalek hitzarmena sinatu zuten Gipuzkoako Kutxarekin eta Euskadiko Kutxarekin.

     Hitzarmenaren bidez, bi finantza erakundeek konpromisoa hartu dute UEMAko udalerrietan, Elgetan tarteko, eskaintzen dituzten komunikazio guztiak euskaraz egiteko. Hitzarmenean, konpromiso zehatzak daude, eta bost urteren buruan osorik betetzea aurreikusten da.

Euskarak lehentasuna

Kutxa biek hartutako konpromiso nagusiak honako hauek dira: langile finko zein aldi baterakoak euskaldunak izatea eta behar bezala prestatuta egotea komunikazioak euskaraz ondo eskaintzeko; bezeroei lehenengo hitza euskaraz egitea; produktuak kontratatzen direnean eskaintza euskaraz egitea; txartelak euskaraz sortzea kontrakoa esan ezean; euskara erabiltzeko sustapena era desberdinez egitea; publizitate, kartel eta esku orriak euskaraz egotea eta lehentasuna izatea; libreta eta kontuetako idazpenak euskaraz egotea; etab.

     Bost urtetako iraupena duen hitzarmen honen jarraipena egiteko, urtero helburu zehatzak ezarriko dira eta bilakaera nola doan ikusteko, hizkuntza neurketa zehatza egingo da udal hauetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak