Arrain fresko-freskoa iritsi da atzera ere Elgetara

Badira bost urte Elgetan zegoen arrandegi bakarra itxi zela, eta ordutik atzera ere zabaltzeko saiakera bat edo beste izan bada ere, orain arte ez dute aurrera egin saiakerok. Bada, elgetarrek orain arrandegia dute atzera ere herrian bertan.

Arrainaren negozioa umetatik bizi eta ezagutu izan duen Amagoia Irazabalek ireki du arrandegia. Bere amak, Kontxi Bolinagak, 40 urte eman zituen bere alabak ireki berri duen lokalean bertan arraina saltzen: "Herriko arrain-saltzailea izan naiz beti, bizi guztia eman dut horretan. Ezkondu nintzen egunean ere goizean arraina saltzera etorri nintzen, pentsa!", kontatu digu Kontxi Bolinagak.

Ama-alabak elkarrekin
Amagoia Irazabalek hortaz, oso ondo ezagutzen du arrandegi bat zer den eta nola lan egiten den, baina amaren laguntza ezinbestekoa izan dela kontatu digu: "Etxean ikusitakoaz gain, beste arrandegi batzuetan ere ibilitakoa naiz, baina ez da berdina negozioa zeurea denean: merkatura joan, arrain ona erosi... Hasieran amak lagundu zidan lan horietan".

Astean hiru edo lau bider joaten da Irazabal Mercabilbaora arraina erostera eta lehenengo asteetan amak erakutsi zion bidea. "Ni, arrandegia nuenean ere, hara joaten nintzen arraina erostera eta polita izan da atzera ere itzultzea. Lehenengo egunetan urduri xamar joaten nintzen, hura oso handia delako, baina berehala ohitu nintzen berriro ere merkatuko mugimendura", dio Bolinagak.

Amarengandik bidea eta merkatuko gorabeherak ikasi ostean,  orain gizonarekin joaten da Irazabal merkatura: "Elurra zela-eta amarekin beharrean gizonarekin joan nintzen behin eta gustatu egin zitzaion, eta orain berak laguntzen dit Bilboko merkatura joan eta behar dudan arraina erosten".

Ohitura berriak hartzen
Aste honetan bete da hilabete negozioa ireki zuela eta Irazabal pozik dago herritarrek egin dioten harrerarekin: "Jendea ez dago ohituta arraina herrian bertan erostera eta kontziente naiz berriro ere ohitu beharko dela. Dena dela, lehenengo hilabete honetan jendea ibili da, eta pozik nago. Gainera gehienek eskerrak ematen dizkidate, eta herrian arrandegia izatea beharrezkoa zela esaten didate. Poliki-poliki joango dira denak ere kanpora joan barik arraina herrian erosteko ohitura hartzen. Ni urte askotarako geratzeko asmoarekin etorri naiz, beraz badute denbora ohitzen joateko", dio irribarre batekin.

Herria bizirik atzera ere
Amagoiaren arrandegiarekin batera, urtebete pasatxoan beste hiru denda berri ireki dira Elgetan; Imanol Albisuren harategia, Dayami Baroken Erdiko Denda eta Markel denda, azken horrek ateak itxi berri dituen arren. Herritarrek gustura hartu dituzte negozio berriak, eta Kontxi Bolinagak herria alaitu dutela esan digu: "Sasoi batean bi arrandegi, bi harategi, hiru janari denda eta okindegia genituen herrian, eta poliki-poliki ixten joan ziren guztiak. Herria oso triste geratu zen, kalera irteteak ere tristura ematen zuen. Orain, berriz,  giro polita ikusten da. Kalera irten eta jendea ikusten duzu kaleetan eta hori behar genuen. Ni oso pozik nago nire alabarekin batera beste batzuk ere Elgetan negozioa irekitzeko apustua egin dutelako". Irazabalek ere uste du jarraitu beharreko bidea hori izan behar dela: "Ni elgetarra naiz, hemen jaio nintzen eta hemen bizi izan naiz bizi guztian, eta herrian bertan dendak eta bizia izatea ezinbestekoa dela uste dut".

Aspaldiko partez, Elgetatik irten gabe etxeetako despentsak betetzeko arazorik ez da izango. Orain falta dena da herritarrak ere aspaldiko ohituretara itzultzea eta erosketak herriko denda txikietan egitea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.